Irurtzungo azoka, atzera begirada

Guaixe 2013ko irailaren 13a

Orain dela 43-50 urte, denbora tarte horretan desagertu zen Irurtzungo azoka. Belardiko kide Araitz Ganboak Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu duenez, "ez zen bat-batean desagertu. Poliki-poliki erortzen joan zen". Ganboak horretarako bi arrazoi eman ditu. Bata, osasun arloan jarritako lege zorrotzak. Bestea kontsumo eredu aldaketa garrantzitsua. "Lehen sektorea, jarduera sozio-ekonomiko gisa ez zen bideragarri. Ganaduak bete behar zuen arautegiagatik azienda mugitzea oso zaila zen. Nekazariei ere ahalegin handia eskatzen zien eta pixkanaka bitartekari edo tratanteen eremu bihurtu zen. Eta etekinik ematen ez zienez erori egin zen azoka", azaldu du Belardiko kideak. Hala ere, abeltzain eta tratante beteranoak Irurtzunen biltzen jarraitzen dute, gosari goxo-goxoa partekatzeko eta sektoreko zein merkatuko  azkeneko gertakizunak komentatzeko. Tripakiak, txerri hankak eta belarriak dastatzen dituzte, beste zenbait ohiko gutizien artean.Lau noranzkotan zabaltzen diren errepideak eta trena (Plazaola eta Norteko konpainia) kokapen estrategikoa ematen diote Irurtzuni. Arakil ibarraren mugan dauden beste bailara txikien merkataritza gunea da Irurtzun gaur egun. Eta hori ganadu azokak sortu zuen jardunari esker da. Hasieran hilabetean behin egiten zen azoka. Ondoren hamabostero (1792-1921) egitera pasa zen. Maiztasuna handitu eta hamar egunero egitera pasa ziren (1921-1945) eta azkenik astero egiten zen, asteartetan. NondikArakil, Goñi, Ollo, Basaburua-Imotz, Larraun, Sakana, Oltza Zendeatik, Gesalatz, Iruñerria, Hego Euskal Herritik, baita Gaztela- Leon, Aragoi, Katalunia, Sortaldetik etortzen ziren tratulariak, Espainiako iparraldeko ganadu merkatu garrantzitsuenetakoa izan zelako (txerrikumeak, aratxeak eta zaldiak). Azoka haietan 1.000-1.500 bat pertsona biltzen ziren. Azokaren berora zabaldu ziren makina bat denda Irurtzunen. Haurrek, eskola utzi, eta azokan lanean egoten ziren, egunkariak saltzen, esaterako. Altsasutik zein Iruñetik iritsitako dentistak, abokatuak eta notarioak ere lanean aritzen ziren azokan. Herrira jendez mukuru beteriko 6 edo 7 autobus etortzen ziren, saltzeko gauzez osatutako fardelak eta guzti. Gogoratzeko kontu bat, autobusaren erdia jendearendako, eta beste erdia txerrikumeak eramateko zen. Erosi ondoren, kamioietan edo tren bagoitan eramaten zituzten.