Inasako langile ohiek Parlamentura eraman dute gobernuarekiko kexua

Guaixe 2013ko irailaren 12a

Nafarroako Parlamentuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu batzordean izan ziren atzo Pedro Mari Jimenez (CC) eta Fernando Carrion (LAB) Inasako langileak (barkamena eskatu zuten ordezkaritza zabalagoa ez osatzeagatik, baina langileek ez zuten nahi izan) eta Gaizka Uharte LABeko Sakanako arduraduna. Hirurek parlamentariei lantegiaren itxiera prozesua azaldu zieten. "2012a baino lehenago hartutako estrategia baten ondorioa izan da". Inasan gertatutakoa beste inon ez errepikatzeko eskatu zieten parlamentariei. Nafarroako Gobernuari "utzikeriaz" jokatzea leporatu zioten.Nafarroako Gobernuak Inasa ez ixteko gutxieneko interesa izan balu eta ahalegindu izan balitz zer gertatuko litzatekeen galdetuz bukatu zuten agerraldia langileen ordezkariek. Izan ere, haien iritziz "foru administrazioak gizarte presioaren ondorioz hartu zuen esku Inasan, inbertsiogile bat zegoelako mobilizazioak hasi zirenean. Ordun gobernua mugitu zen eta eskertu genion. Eta itxiera eragotzi balu ere eskertuko genioke".Langileek Inasako industria jarduera mantentzeko Nafarroako Gobernuak egin ez zituenak zerrendatu zituzten: makineriaren salmenta eragotzi; lantegia desegiteko zuzendaritzari lege-oztopoak jarri; makineriaren salerosketa kontratuaren kontrako helegiteak aurkeztu (langileek egin zuten urgentziaz); hartzekodunen lehiaketako administratzaileei eskatuz fase komuna bukatzeko likidazio fasean sartzeko... "Zuzendaritzaren estrategiak gidatu du gobernuaren jarduna. Langileek eskatu diogunean jokatu du beste modu batera soilik".Inasako langileen iritziz "aitzakia" da Nafarroako Gobernuak esatea legea betetzera mugatu dela, ezin zuela besterik egin. "Ez da egia. Benetako interesa azaldu balu bere jarrera beste bat litzateke". Hasieratik enpresaren  desegitea eragozteko ahal zen guztia egin dutenak langileak izan direla azaldu zuten langileek, "zoritxarrez, desiotako saririk ez dugu izan".  Premiazko bilerarik ez zenez egin, parlamentuko agerraldia berandu iritsi zela ere gaineratu zuten, "jabeek Inasaren kontrola galtzeko, denen artean, estrategia diseinatu zitekeen hemen".Taldeen iritziakBilduk eskatu zuen Inasakoen agerraldia eta koalizioaren izenean Bikendi Bareak adierazi zuenez, "Baikapen erabakia aldez aurretik hartuta zegoen, langile guztiak kaleratzea". Foru administrazioak langileen alturan ez zela egon gaineratu zuen. Bareak azaldu Lourdes Goikoetxearen agerraldia eskatu du Inasaren itxierari buruzko azalpenak emateko.UPNko Coro Gainzak Lourdes Goikoetxea kontseilariak Inasako langileen ordezkariekin izandako bilera ugari izan zituela. Kontseilariaren inplikazioa "nabarmendu" zuen eta presioak egin zirela ere aitortu zuen. Akabera ez langileei ez haiei ez zaiela gustatu ziurtatu zuen eta "administrazioari ezin zaio errurik bota".PSNko Samuel Carok halakorik ez errepikatzeko ondorioak atera beharko direla esan zuen Carok. Sozialistak esan zuen arrisku kapital enpresen gaineko zaintzan akatsak izan direla. Foru administrazioak halakoetan zaintza zorrozteko eskatu zuen. Nafarroako Gobernuak ahal duenak egin duela ziurtatu zuen, "baldintza makiabelikoak" izan zirela aitortu zuen.Aralar-NaBaiko Txentxo Jimenezek gogora ekarri zuen duela urte bat izan zirela Inasako langileak Parlamentuan izan zirela eta talde guztiak ados zeudela enpresaren jabetzak hura ixteko asmoa zuela. "Errealitate bat identifikatuta izanda, azkenean, guztien gainetik pasa dira, nahi zutena eginez". Beraz, "legislazio arazo larri bat dugu", ziurtatu zuen. Gertatutakoaren inguruan hausnartzea eta eztabaidatzea eskatu zuen. Langileei gehiago ezin zaiela gehiago eskatu gaineratu zuen.PPko Ana Beltranek esan zuen beti gatazkaren bi aldeak (langileak eta zuzendaritza) entzun beharra zegoela, "arrazoitutako iritzia izateko". Beltranen iritziz "ez dut uste inorendako izanen dela gustukoa enpresa ixtea eta langileak kaleratzea". Arrisku kapital enpresen satanizazioaren alde hitz egin zuen, "denetarik dagoelako haien artean". Guardia Zibilaren jokabidea babestu zuen.I-Eko Txema Mauleonek "enpresa bat ixtera etorri diren eskrupulorik gabeko pirata batzuen adibide garbiaren aurrean gaude". PPren gobernuaren lan eta enplegu politiken kontra egin zuen. Nafarroak dituen eskumenen barruan legedia aldatzea proposatu zuen, halako kasurik ez errepikatzeko.Azkenik, GeroaBaiko Manu Aierdik Baikapek Inasa 60.000 eurotan erostea nola den posible galdetu zuen. "Hazi horretatik ernaltzen da gainontzeko guztia". Baikapek bere etekinak maximizatu nahi izan dituela adierazi zuen Aierdik. Arrisku kapital enpresen artean denetarik dagoela esan zuen. Gobernuari dagokionez, kontseilaria entzun ondoren, egin zezakeen guztia egin duen eta dirua jartzearen egokitasunaz hitz eginen zuela esan zuen.