Bigarren itzulian lurrera

Guaixe 2013ko irailaren 16a

Alex Mariñelarena pilotu irurtzundarra Munduko Abiadura Txapelketarako baliagarria den San Marino Sari Nagusian aritu da, Moto 2 mailan, lesionatuta dagoen Dani Rivasen ordez. Blusens Avintia taldearekin aritu da irurtzundarra Misanoko zirkuitu mitikoan. Aukera paregabea zen, baina zortea ez du alde izan irurtzundarrak, bigarren itzulian lurrean bukatu baitzuen. Entrenamendu ofizialean egindako lanari esker - lehen entrenamendu librean 27.a izan zen, 2. entrenamendu librean 26.a eta 3. entrenamendu librean 23.a - 16. postua lortu zuen irteerako parrillan. Hori meritu handiko postua da, kontuan hartuta irurtzundarrak Kalex motorra estreinatzen zuela. Entrenamendu libreetatik ofizialetara egin zuen progresioa agerikoa da. Lasterketan irteera ona egin zuen Alexek baina bigarren itzulian Corsiren motorra ukitu zuen, lurrera erori zeneta hor bukatu zen San Marinoko proba despeditzearen ametsa. Zorionez, erorketak ez dio aparteko minik sortu. "Irteera ona egin dut eta gustura nenbilen tokatu zaidan taldetxoan errodatzen.  Larunbatean entrenamendu ona egin nuen eta uste dut lasterketa ona egiteko kapaza nintzela, baina ezin izan da izan. Tamalez Corsiren motorraren atzealdea ukitu dut eta lurrean bukatu dut. Pena handia da, baina orain burua Los Arcosen daukat, igandean Espainiako Abiadura Txapelketako proba jokatuko delako" adierazi du irurtzundarrak. Moto 2 mailan Pol Espargaró nagusitu zen, Nakagami eta Rabaten aurretik. Mundialera berriroKontentu egoteko arrazoiak baditu Mariñelarenak, atzera ere Dani Rivas ordezkatuko baitu irailaren 29an Mundialerako baliagarria den Aragoiko Sari Nagusian. Igandean Los ArcosenIgandean Espainiako Abiadura Txapelketako 5. lasterketa hartuko du Los Arcoseko Nafarroako Zirkuituak. Mariñelarena bere ohiko taldearekin (Targobank Motorsport, Suter motorra) ariko da. Sailkapen orokorrean Roman Ramos da Moto 2ko liderra (110 puntu), Mariñelarenari 33 puntu atereaz (77 puntu). Etxean jokatzen du Alexek, zaleen babes guztia izanen du eta ea Ramosekin duen aldea txikitzerik ba ote duen. Ostiralean entrenamendu libreak izanen dira (9:45ean eta 13:50ean), larunbatean ofizialak (9:45ean eta 13:50ean) eta igandean lasterketa (14:00etan). 27 pilotu daude izena emanda Moto 2 mailan eta Los Arcoseko zirkuituari 18 itzuli eman beharko dizkiote.