Primerako erantzunarekin berreskuratu zen ganadu azoka

Guaixe 2013ko irailaren 18a

Latxa ardiaren hobekuntzaren alda lan egiten duen Aslana elkartearen diru-laguntzen murrizketa salatu zutenEguna argitzearekin hasi zen mugimendua Irurtzungo plazan. Bertako ganadu arrazen aleak Foru plazako frontoian kokatu ziren. Nekazari eta abeltzainen salmenta postuak plazan bertan eta aldameneko Lizarra kalean artisau postuak jarri ziren. Goizetik gutxi batzuk hurbildu zirenak, baina eguerdia hurbildu ahala asko eta asko izan ziren Irurtzungo azokak erakarri zituen pertsonak. Gaitari, trikitilari eta joaldunen doinuek girotu zuten azoka, baita Brum forjarien jardunak ere.Antolakuntza aritutako Jesus Balda artzain unanuarrak pozik zegoen aurretik azoka prestatzen egindako lanak emaitzak eman dituelako: "eguraldiak lagundu egin du eta jendea animatu egin da". Jendea erosketak egiten ari zela nabarmendu zuen unanuarrak. Halako ekimen gehiago etorriko direla aurreratu zuten Belardiko antolatzaileek: "gure helburua plazak berreskuratzea da. Nekazari eta abeltzainok plazak berreskuratuko ditugu eta bertako produktuak esku eskura jarriko ditugu". Sakandarrak halako ekimenetan parte hartzen eta baserritarrak laguntzera animatu zituzten Belardi ekimeneko kideek. Omenaldia eta aldarrikapenaAurreneko edizioan, eguerdian azokaren jardueran eten txiki bat egin zen, aldarrikapenetik guztia zuen omenaldia egiteko. Latxa ardiaren hobekuntzan lan egiten duen Aslana elkartearen jarduna omendu, latxa ardiaren alde urteetako lanaren aitortza nahi izan zuten ibarreko udalek. Aslana elkarteko presidente 10 urtez izan den Balda eta hainbat artzain latxa ardia arriskuan leloa zuten kamixetak jantzita igo ziren Irurtzungo eta Arakilgo udaletxeko estalpera. Han zeuden Irurtzungo, Uharte Arakilgo, Etxarri Aranazko, Arbizuko eta Ziordiko alkateak eta hainbat zinegotzi. Elkarteko kideei aurreskua dantzatu ondoren, Txiki Iriartek elkartearen lana aitortzen zuen makila jaso zuen Baldak Aslana elkartearen izenean. Izurdiagako eta Arruazuko artisauek egindako makila zen.Egoeraren larriazBaldak esan zigunez, "gauzak gaizki daude. Artzainak, ahal den moduan, aurrera ateratzen ari gara. Baina, elkartea, gaizki. Nafarroako Gobernua murrizketa latzak egiten ari da". Elkarteko teknikariak oso onak direla aitortuta ere, Aslana diru aldetik oso gaizki dagoela aitortu zuen artzain unanuarrak. Aritz Ganboa artzain arruazuarrak gaineratu zuen latxa ardiaren etorkizuna bermatzen duen elkarteak, Aslanak, agian ez duela urte bete iraungo. "Horrek esan nahi du 30 urtetan egindako lana pikutara joanen dela. Elkartea tresna da. Latxa ardia mendian ikusten badugu, Idiazabal gazta dastatzen badugu, Aslana bezalako elkarteek egiten duten lanagatik da". Elkartean desagertuz gero, galdutako denbora berreskuratzeko 30-40 urte beharko liratekeela gaineratu zuen arruazuarrak. "Gaur egun elkarteak egiten duen lanaren emaitzak 3, 5, 10 urtetan ikusten dira. Gaurko lana etorkizunean emaitzak lortzeko da. Eta hori ez bada egiten etorkizunik ez daukagu".  Aslana desagertzea artzainendako arazoa izateaz gain jendarte guztiarendako arazoa izanen litzatekeela ziurtatu zuen Ganboak: "kultura, ingurumen kudeaketa, herrietako sozio-ekonomia jardueran eragina luke. Tragedia baten aurrean gaude". Nafarroako Gobernuak Aslanaren arazoa "beretzat" hartu beharra du eta finantziazioa bermatu behar duela aldarrikatu zuten artzainek, "bere ardura da".