Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ilargi beteko egun batean, aurreko ostegunean, mustu zuen Urko Mauduitek Martina film-laburra. Nafarroako Filmotekan izan zen, Ikus-entzunezko Arteen eta Zinemaren Nafarroako Institutuaren Panorama zikloaren barruan. Irurtzundarrak bere lanari buruzko azalpenak eman zituen areto betearen aurrean. Nafarroako Gobernuko ordezkariek emaitzarekin pozik zeudela adierazi zuten. Behin lana mustu eta gero, Martina eta bere lagun ilargia batean eta bestean erakusteko aukera dago eta Mauduitek jakinarazi duenez, deitzen duten tokietara joateko prest dago. Irurtzungo sortzaileak Beleixe Irratiari (FM 107,3) emandako elkarrizketan bere 3 dimentsioko animazioan bere 10 urteko ibilbidea errepasatu du. Mauduitek adierazi duenez, "gu pixka bat espezializatu nahi dugu. Aitorpena bilatzen dugu, ez bakarrik gurea, jendearena ere. Martinarekin pauso handi bat eman dugu eta pozik gaude". Aitortza bilatze horretan diru-laguntza baten filtroa pasatu izanak lanari bermea ematen diola azaldu du. AurreraMauduitek Beleixe Irratian (FM 107,3) adierazi duenez, "urrats bakoitzean profesionaltzeko urrats bat egin nahi izan dugu. Oraingoan banaketa enpresa baten bidez (Banatu filmak ) Martina jaialdietara bidaltzen ari gara". Orain arte sortutako film-laburrak ez ziren Nafarroatik atera. "Aurten Argentinara iritsi da, besteak baino urrutiago". Haurrendako film-laburra izatean irteera txikiagoa izan dezakeela esan die banatzaileak, baina, hala ere, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioen ondoren ingelesezkoa egitera animatu dira. Eta bitartean hurrengorako finantzazio bila jarraitzen du irurtzundarrak.