Mariñelarenak Mundialean jarraituko du denboraldia bukatu arte

Guaixe 2013ko urriaren 1a

Alex Mariñelarena pilotu irurtzundarrak primerako saria jaso du: denboraldia bukatu arte Munduko Abiadura Txapelketan jarraituko du, Blusens Avintia taldearekin. Hasiera batean Dani Rivas pilotua hiru lasterketetan ordezkatzea zen bere egitekoa, baina Blusens Avintiak erabaki du irurtzundarra eurekin arituko dela denboraldia bukatu arte. "Taldeak nik denboraldia bukatzea nahi du. Oso aukera ona da esperientzia hartzeko eta hobetzeko, eta kontentu nago" adierazi du irurtzundarrak. Nahiz eta aukera hau izan, Mariñelarenak badaki hurrengo denboraldian Mundialean jarraitzea zaila izango dela, baina ez dio ametsari uko egiten. "Badakit zaila dela baina aukera hau baliatu nahi dut balio dudala erakusteko. Aurtengo Mundiala ahalik eta hobekien bukatzen saiatuko naiz, aurrerago aukera bat izan ahal izateko esperientzia bilduz" gaineratu du.4 lasterketaMundiala bukatzeko lau lasterketa falta dira eta lauretan ariko da Alex: urriaren 13an Malasian, urriaren 20an Australian, urriaren 27an Japonian eta azaroaren 10ean Valentzian. Aldi berean Espainiako Abiadura Txapelketako azken bi probatan lehiatuko da, Targobank Motorsport bere ohiko taldearekin: azaroaren 17an Valentzian eta azaroaren 24an Jerezen.