Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean, 10:00etatik 14:00etara, Itxipuruk antolatutako azoka Irurtzungo plazan izanen da. Eguraldiak laguntzen ez badu frontoianEtxean ditugun, erabiltzen ez eta egoera onean dauden liburu, disko, arropa, sukaldeko tresneri, altzari, jostailu eta abarri irtenbide bat eman eta kontsumo arduratsuago bat sustatu nahian hasi zen Itxipuru taldea bigarren eskuko azokak antolatzen. Igandekoa 26.a izanen da. Mauka ederrak opatzeko aukera izanen da atzera ere. Horretaz, gain, 11:00etatik aurrera Nafarroako hazien bankuko kideekin hazien tailerra izanen da. 12:00etan, berriz, Entre2siones bikotearen kontzertua eta afrikar perkusioa izanen dira. Ez dira haurren txokoa, erakusketa eta taberna faltako. Aurreko larunbatean Iratxo elkartean antolatutako elkartasun afarian 65 pertsona bildu ziren. Aurretik, lagundutako egitasmoa ezagutzeko dokumental bat proiektatu zuten. Brasil, Paraguay eta Argentina batzen diren tokian, Parana oihana dago. Planetako bost bio-aniztasun gune garrantzitsuenetariko bat da. Inguru hori guztia Guaraniar akuiferoak hartzen du, planetako ur geza erreserba handienetarikoak. Argentinatik gaztigatu dutenez, biodibertsitate gune hori "desagertzeko arrisku larrian dago". Arriskuetako bat nekazaritza eredu nagusia da: labore bakar batzuk landatzen dira, tabakoa, mate belarra, pinua eta abar. Ekoizleek etengabe oihanari tokia kentzen diote eta agro-toxiko ugari erabiltzen dituzte. Egoera horri aurre egiteko egitasmoa aurkeztu zion Cemep Adis erakundeak Itxipururi: Mby''a Guaraní komunitateen autonomia eta elikadura-subiranotasuna berreskuratzeko oinarriak sortzea; eta horretarako sortua den hazien bankuari bultzada ematea. Urte betean 6.500 euroko inbertsioa egin nahi dute eta Itxipururen bidez 2.500 euro lortzea espero dute. Hazi-bankua 2009tik martxan den hazien bankuaren helburua da Misionesen dauden hazi autoktonoak berreskuratu, babestu, ekoiztu eta zabaltzea. Haren bidez eskualdeko nekazal-aniztasuna babestu nahi dute eta, aldi berean, ekoizle txikien, nekazari eta indigenen elikadura-autonomia bultzatu. Azken horien eta agroekologian goi mailako teknikari ikasleen arteko tokiko hazi ekoizpena, kontserbazioa eta trukaketa bulkatzen du hazien bankuak. Gaur egun 300 hazi-aldaera dituzte. Labore bakarra ereiteak ekarri dezakeen dependentziarekin hausteko eta ekoizleek euren ekoizpena dibertsifikatzeko eta euren soberakina merkaturatzeko bidea ematen du hazien bankuak. Gero eta handiagoa den produktu ekologikoen eskaerari ere erantzuten dio hazien bankuak. Horrela, oihanaren kontserbazioarekin bat datozen jarduera berriak lantzen hasi dira tokiko hazien inguruan lan eginez. Hazien multinazionalekiko mendekotasuna ere eragozten dute horrela. Hala ere, dena ez da erraza, tokiko hazien kontserbaziorako zailtasunak daude, higadura genetiko prozesu sendoa dagoelako. El CeiboAipatu hiru herrialdeak batzen diren tokian, Argentinako Misiones probintziako El Soberbio herrian, Yaboti biosfera erreserbaren muga esparruan kokatzen da proiektua. El Ceibo kolonian bizi diren ekoizle txikien 25 familia izanen dira onuradunak; guztiak ere agroekologian goi ikasketak dituztenak. Paraguayn eta Brasilen ez bezala, Argentinan ingurunea ia zen bezala mantentzen dela zati batean. Eta muga eremuan eraiki zuen Cemep Adisek Multigranja Agroekologiko Integrala, Paranako oihaneko sustapen eta praktiketarako hezkuntza zentroa. Hantxe 10 hektarea dituzten eta haietatik bi hazien ekoizpenari eskainiak dira. Bioeraikuntzan oinarritutako erabilera anitzeko gela bat eraiki zuten eta han tailer eta ikastaroak eskaintzen dituzte. Mby’a Guarani Gaur egun inguru horretan hiru guarani etnia bizi dira. Guztiek tupi-guaraní talde linguistikoko hizkuntza bat hitz egiten dute. Argentinako Misiones probintzian bizi dena Mby’a Guarani etnia da, 4.000 pertsona inguru osatutakoa. Hiru etnietan osasun eta lurren jabetzaren aldetik okerren bizi direnak Mby’a Guaraniak dira; gehiengoa eremu txikietan bizi da, familia talde txikiak bilduz.Cemep Adis18 urte baino gehiagoko esperientzia duen irabazi asmorik gabeko erakundea da. Bere jarduera agroekologian, Paranako oihanaren babesean eta herri hezkuntza eta komunikazioan oinarritzen da. Misiones probintziako gizarte, kultura eta herritar erakundeekin konpromiso estua du.Erakundearen egitekoa da gizarte zibileko erakundeak indartzen lagunduko duten prozesuak bultzatzea, oinarrizko erakundeak indartzen lagunduko duten herri hezkuntza eta homunikazio ekimenak bultzatuz eta politika publikoetan eragina izateko gaitasuna duten herritarren parte-hartze prozesuak eraikitzea, hau guztia garapen integral jasangarria oinarritzat harturik.