Irurtzungo antzerki zikloa hasteko, euskararen bilakaerari buruzko komedia

Guaixe 2013ko urriaren 4a

Tartean Teatrok, hau da, Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek euskararen historia errepasatuko dute gaur Irurtzungo kultur etxeko eskenatokian. Lingua nabajorun antzezlana taularatuko dute, kontakizuna paradisuan abiatuz, bikote bakar bat bizi zen garaian. Mundu estatiko eta baketsua zen, eta nahikoa ziren onomatopeiak inguruko animaliak eta agerraldi naturalak deskribatzeko. Seme-alaben etorrerarekin sortu zen Euskal Gatazka, orain arte iraun duen fenomenoa.Telleriak eta Martinezek ziurtatzen dutenaren arabera "euskaldunak historian zehar beti ibili dira liskarrean kanpokoekin edo euren artean. Liskarrok sortu eta garatu dute euskara. Gatazka bakoitzari euskararen aldaketa bat dagokio". Teoriko horien ondorioa euskararen garapena ez dela inoiz geldituko da, "gatazkak, modu batekoak edo bestekoak,  beti egongo direlako". Teoriaren antzezpenak algarak sortuko ditu publikoan.