Heldu den urtean despedituko dira hilerria egokitzeko lanak

Guaixe 2013ko urriaren 3a

Irurtzungo Udalak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin, aldi baterako langileak kontratatuko ditu atzera ere heldu den urtean. Haien egitekoetako bat hilerriko horma bat egoki jartzea izanen da. Txiki Iriarte alkateak azaldu digunez, aurretik hilerriko espaloiak eta urbanizazioa modu berean egin dira, beste hainbat lanekin batera.Horregatik, hilerrian aurreikusitako lan asko eginak dituelako, Irurtzungo Udalak uko eginen dio Nafarroako Gobernuak irailaren 9an emandako diru-laguntzari. 57.057 euroko inbertsiorako 29.867 eman behar zituen foru administrazioak. "Diru-laguntza eskatu genuenean atzera bota ziguten eta udalak egitea erabaki zuen. Gelditzen dena egiteko ez du merezi diru-laguntza hartzea" azaldu digu alkateak.Bestalde, Amaia eta Oskia kaleak oinezkoendako bihurtu direla eta orain arteko balorazioa positiboa dela esan du alkateak. Irurtzunen erroldatuta eta zirkulazio zerga herrian bertan ordaintzen duten auzokideek besterik ezin dute autoa kalean sartu.