Porrot handia jaso zuen Xotak

Guaixe 2013ko urriaren 7a

Xota Nafarroak porrot handia jaso zuen ostiralean Murtzian. El Pozo liderrak 9-2 hartu zuen menpean Irurtzungo taldea. Aipatzekoa da epaileak Xotako Asier atezaina kaleratu zuela eta horrek goitik behera baldintzatu zuela partida. El Pozo Murciak gehiago asmatu zuen lehen zatian. 12 minututara 4-0 aurreratu ziren murtziarrak. Hain justu tarte horretan, 12. Minutuan, epaileak Xotako Asier atezaina kaleratu zuen, ustez area kanpoan baloi bat eskuekin gelditzeagatik. Hortik aurrera Xotak behera egin zuen eta atsedenaldira kontrako 7-1arekin joan ziren Imanol Arregiren mutilak. Bigarren zatian jokoak antzeko jarraitu zuen. Horren aurrean Imanolek Marc Tolrá atezain-jokalari moduan jarri zuen, bukaerarako oraindik 16 minutu falta zirenean. Baina gauzek ez zuten hobera egin eta 9-2 galduta eta Imanol Arregi kanporatuta bukatu zen lehia. Imanol Arregi entrenatzaileak onartu zuen etsituta zegoela, baina ez jokalariekin. "Jokalariek dena eman dute bukaerara arte, nahiz eta partida oso konplikatua jarri" nabarmendu zuen. Asier atezainaren kanporaketa ez zuela baloratuko aipatu zuen Arregik. "Ez dut baloratuko kanporaketa justua edo injustua izan zen, baina behin betikoa izan zen eta kondenatu zigun". Kanporaketaren ondorioz "paperak galdu zituztela" ere onartu zuen. El Pozo Murcia da liderra, 10 punturekin. Xota Nafarroa 9.a da, 3 punturekin. Bestalde, Xotako filialak, Xota Bk, 5-7 galdu zuen Sigüenzaren kontra. Gran Canariasen kontra egoerari buelta emateraEl Pozoren kontrako partida ahazteko ordua du Xota Nafarroak. Ostiralean Gran Canaria taldea hartuko dute irurtzundarrek Iruñeko Anaitasuna Pabilioian, 20:30ean. Ea egoerari buelta eman eta garaipenaren xenda berreskuratzen duen Xotak.