Imanol Arregi: "Jasoko dudan sariak egindako lan guztiaren esker ona adierazten du"

Guaixe 2013ko urriaren 9a

Urriaren 21ean jasoko du Imanol Arregik, Xota Nafarroa areto futboleko entrenatzaileak, Ramon Cobo saria, Ohorezko Mailako areto futboleko entrenatzaile onena izateagatik. Bere ibilbideagatik eta bere portaerarengatik saritu nahi dute Arregi. Irurtzundarrak 13 urteotan egindako lana eskertzeko modua da Espainiako Entrenatzaileen Komiteak eskainiko diona. Ramon Cobo sariak entrenatzaile onenak saritzen ditu eta Imanol Arregirekin batera Renneseko entrenatzaile Philippe Montanier, Elcheko entrenatzaile Francisco Escribá eta Jumillako entrenatzaile Juan Francisco Gea sarituko dituzte. "Ilusio handiarekin jasoko dut saria, jakinda egindako lanagatik dela. Kontent nago", adierazi du Imanol Arregik. Gaineratu du, bere lana taldearen laguntzarekin gauzatu duela urteotan guztiotan eta saria guztioi zabaltzea ere egokia litzatekeela, taldekako kiroletan bakarrari ematea ez delako bidezkoa, bere ustez. Sariak are indar handiagoa emanen dio datozen urteotan ere taldearen gidaritzapean gogotsu aritzeko: "Saria nire bidearen parte bat besterik ez da izanen, jaso ondoren denak berdin jarraituko duelako eta lanean segituko dugu, gogor".Entrenatzaile lanetan jokalariengandik hurbilekoa izaten saiatzen dela aitortu du: "autoritarismoa ez dut gehiegi erabiltzen, nahiago izaten dut azalpenak eman, eztabaidatu eta akordioetara iritsi jokalariekin". Taldekideek entrenatzailearengan konfiantza izateak lagundu egiten duela uste du Arregik, "edozein zalantza edo galdera izanez gero niregana hurbiltzeko aukera ematen diet". Norgehiagokak izaten direnean, bakoitzak bere lana egiten duela esan du, eta une horietan jakin behar izaten dela nor bere lekuan egoten.