Argentinako Hazien Bankua laguntzeko Bigarren Eskuko azoka arrakastatsua antolatu du Itxipuruk

Guaixe 2013ko urriaren 10a

Nekazaritza ekologikoa indartzeko asmoa du Argentinako Hazien Bankua izeneko egitasmoak. Hazi autoktonoak berreskuratu, babestu, ekoiztu eta zabaltzea da xedea. Ekoizle txikien, nekazarien, indigenen eta Agroekologian Goi Mailako Teknikari izateko ikasten dabiltzanen helburua da. Horretan dabil Oihana Olaberria, Ihabarko bizilaguna eta orain Argentinan bizi dena. Berak aurkeztu du proiektua; hazi autoktonoen ekoizpena, kontserbazioa eta trukaketa bultzatzen segitzeko sostengu ekonomikoa ezinbestekoa baitute. Gaur egun 300 hazi-aldaera dituzte eta proiektua ezerezean geldi ez dadin laguntzeko asmoa izan du Itxipururen Bigarren Eskuko Azokak. Sekula baino diru gehiagoJendearen parte hartzea handia izan zen joan den asteburuko azokan. Eguraldiak ere jendea hurbilarazi zuen Irurtzungo plazara eta Bigarren Eskuko Azokak eskaintzen zituenak erosteko aukera izan zuten askok. Arropa, altzariak eta ordenagailuak izan ziren arrakastatsuenak. Baita haurrendako jokoak ere. Eta liburu andana ere bai. Bestelakoak ere ikusgai jarri zituzten: erakusketa bat Hazien Bankuen nondik norakoak ezagutzeko, haurrentzako ludoteka eta Entre2versiones bikotearen zuzeneko musika. Salmenta ongi joan zen antolatzaileen arabera: 2.186 euro lortu zituzten azokan. Eta horri, aurreko asteburuan egindako afaritik ateratakoa gehitu behar zaio, 890,7. Guztira 3.076,7 euro bidaliko dituzte Argentinako Hazien Bankura.