Musikari baten azken taupadak

Guaixe 2013ko urriaren 18a

"Nire azken taupada musikalaren aurrean nago. Nire ibilbide musikalaren azken ekimena izango da hau". Halaxe aurreratu digu Fran Idaretak (Irurtzun, 1976). Akordeoia eta eszenatokiak utziko ditu denbora familiari eta lanari eskaintzeko. Gizarte Laneko Etika eta Epistemologia doktorea da eta gaur egun Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakaslea eta ikerlaria da. Konpositorea, musika ekoizlea eta akordeoilaria, bi hamarkadako ibilbide oparoari agur esanen dio Idaretak Taupadak ikuskizunarekin. 20 urtetan 10 musika ekimen ekoitzi eta artista nagusi gisa interpretatu ditu. Gainera, haietako obra gehienen sortzailea izan da. 20 disko baino gehiagotan parte hartu du. Gainera, hainbat kolaborazio egin ditu, besteak beste: Enrique Ugarte, Carlos Nuñez, Kepa Junkera, Iñaki Salvador, Jose Ignacio Ansorena, Javier Garaialde, Joxan Goikoetxea, Juan Mari Beltran, Amaia Zubiria, Euskal Txalaparta Konpainia (ETXAK), Aurelio Sagaseta, Julian Ayesa, Francisco Javier Lopez Jaso, Aitor Furundarena edo Enrike Zelaia. IbilbideaIrurtzunen aurreneko musika ikasketak egin zituen bizpahiru urtez. Iruñean Silbestre Almandozekin hasi zen solfeoa eta akordeoia ikasten, 10 urte zituela. Ondoren soinu ikasketak hasi zituen eta Almandozen orkestran parte hartu zuen. 13 urterekin bakarlari moduan debutatu zuen. 16 urte zituela abiatu zuen bakarkako ibilbidea eta kontzertu mordoa eskaini zuen Nafarroan, Bartzelonan, Madrilen, Mallorcan, e.a. 1992an grabatu zuen bere lehen diskoa Iruñeko La Asuncion abesbatzarekin batera.Orkestra desegin eta hiru urtez etxekoendako jo zuen soilik. 19 urte zituela, Atondoko festetan jotzeko deitu zioten eta hor berrekin zion jendaurrean jotzeari. Herrietatik eskaera gehiago jaso zituen. Txapelketetara ere aurkeztu zen. Fermin anaia piano jolearekin Fortissimo bikotea osatu zuten eta ezkontzetan, herrietako festetan, erromerietan eta ekitaldietan jo zuten, udan batez ere. 1999an interpretazio klaseak eman zizkion Enrike Zelaiak. Altsasuarrak animatuta, akordeoilari izan eta diskoak grabatzen hastea erabaki zuen.DiskografiaBetikoak 3 (Etxe-Ondo, 2000)Infernuko auspoa (Etxe-Ondo, 2001)Zephyrus, Sombras y cenizas (Etxe-Ondo, 2002)Valse musette (Etxe-Ondo, 2004)Iruña, guztion hiria (Etxe-Ondo, 2005)Caminos de un Reyno (Etxe-Ondo, 2009)