Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Phillip Islanden jokatutako Munduko Motoziklismo Txapelketako Australiako Sari Nagusiak zeresan ugari eman du. Dunlop gurpilekin aritzen dira Mundialean eta gurpilek ez zuten beharrezkoa zen mailarik ematen Phillip Islandeko zirkuituan aritzeko. Horren aurrean, MotoGP mailan 10 itzuli eman eta gero motorra aldatzea erabaki zuten antolatzaileek eta Moto 2 mailan lasterketa 13 itzulietara jaistea. Eta horrek sekulako zeresana eman du. MotoGP mailan egungo lider Marc Marquez (Repsol Honda) 11. itzulian sartu zen motorra aldatzera - Honda taldearen akats izugarria - eta horregatik antolakuntzak zigortu eta probatik deskalifikatu zuten. Lorenzok (Yamaha) irabazi zuen lasterketa eta Munduko Txapelketan Marquezekiko duen aldea txikitzea lortu zuen, eta egun 18 punturen aldearekin jarraitzen du lider Marquezek. Moto 2 mailan Alex Mariñelarenak (Blusens Avintia, Kalex) Phillip Islandeko pista konplikatua lehen aldiz zapatzen zuen. Pistara egokitzeko arazoak izan zituen irurtzundarrak. Lasterketan 26. postutik atera zen, eta erorikoak eta aurrerapenak tarteko, 13. postuan kokatu zen lasterketan, puntuazio postuetan, hain zuzen. Baina, tamalez, erorketa izan zuen eta proba utzi behar izan zuen. "Pneumatikoen arazoengatik lasterketa motza zen, 13 itzulikoa. Sentsazio onekin hasi gara, baina lasterketa motza zenez, arriskatu beharra genuen eta gaizki atera zaigu, 5 bueltaren faltan erori naizelako. Triste nago, erritmo ona genuelako eta Top 15ean sartzeko aukerak genituelako. Baina beno, orain Japonen pentsatu behar dugu. Nahiz eta zirkuitua ez ezagutu eta 0tik hasi behar izan, ea gauzak ongi doazen eta puntuatzeko aukera dugun" adierazi du Alex Mariñelarenak. Moto 2 mailan Pol Espargaró (Kalex) gailendu zen eta Munduko Txapelketako liderra dugu, Scott Reddingi (Kalex) 16 puntu aterata. Igandean Japoniako Sari NagusiaJaponiako Motegi zirkuituak hartuko du Munduko Motoziklismo Txapelketaren 17. Eta azkenaurreko proba, Japoniako Sari Nagusia. Ostiralean entrenamendu libreak eginen dituzte, larunbatean entrenamendu ofizialak eta igandean lasterketa (Zuzenean Tele 5 katean). Ikusmina handia da, oraindik ez baitago ezer erabakia Moto GPn, Moto 2an eta Moto 3an.