Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Imanol Arregik, Magna Nafarroa Xorta areto futboleko entrenatzaile irurtzundarrak, astelehenean jaso zuen Ramon Cobo saria Las Rozaseko Futbol Hirian, Ohorezko Mailako areto futboleko aurreko denboraldiko entrenatzaile onena izendatzen duena. Bere ibilbideagatik eta bere portaera bikainarengatik saritu dute Arregi. Irurtzundarrak 13 urteotan egindako lana eskertu nahi izan dio, horrela, Espainiako Entrenatzaileen Komiteak. Izan ere, Ramon Cobo sariak aurreko denboraldiko entrenatzaile onenak saritzen ditu eta Imanol Arregirekin batera aurten Renneseko entrenatzaile baina aurreko urtean Errealeko entrenatzaile Philippe Montanier, Elcheko entrenatzaile Francisco Escribá eta Jumillako entrenatzaile Juan Francisco Gea saritu zituzten eta beste 5 teknikari saritu zituzten. "Ilusio handiarekin jaso dut saria, jakinda egindako lanagatik dela. Pozik nago", adierazi du Imanol Arregik. Irurtzundarrak gaineratu duenez, bere lana taldearen laguntzarekin gauzatu du urteotan guztiotan eta saria guztioi zabaldu nahi izan du, taldekako kiroletan bakarrari ematea ez delako bidezkoa, bere ustez. "Saria nire bidearen parte bat besterik ez da, jaso ondoren denak berdin jarraituko duelako eta lanean segituko dugu, gogor" adierazi dio Imanolek Guaixeri.