Mariñelarena, Motegitik ospitalera

Guaixe 2013ko urriaren 28a

Munduko Abiadura Txapelketako azken aurreko lasterketa jokatu zen igandean Motegi zirkuituan, Japoniako Sari Nagusia. Moto 2 mailan Alex Mariñelarena 11. postutik atera zen, entrenamenduetan egindako lan bikainari esker, eta lasterketa ona egiteko aurreikuspenak oso onak ziren. Baina irteerako lehendabiziko buelta horretan zapuztu zitzaion ametsa irurtzundarrari. Irteeran istripu anizkoitza gertatu zen eta irurtzundarrak lurrean bukatu zuen. Minutu batzuk konorterik gabe egon zen Alex eta horregatik Tokioko ospitalera eraman zuten. Irurtzundarrak ezker eskuko eskumuturra hautsita dauka, eta traumatismo zerbikala. Hala ere, ongi dago eta gaur, astelehenean, hegazkina hartuko du etxera etortzeko. Eskumuturra hautsitaIstripua nola gertatzen den ez du gogoratzen Mariñelarenak. Kontua da Tito Rabat pilotua lurrera joan zela tropelaren erdian. Mariñelarena Scott Reddingen ondoan zihoan, eta Reddingek Rabat saihesteko frenatu zuenean Reak irurtzundarra ukitu zuen eta lurrera joan zen. Berehala gerturatu zitzaizkion medikuak eta Tokioko ospitalera eraman zuten, minutu batzutan konortea galdu zuelako. "Ez dut gertatutakoa gogoratzen baina gauza hauek gertatzen dira, lasterketaren parte dira, eta ezin da ezer egin. Aste honetan azterketa gehiago egingo dizkidate eta betiko moduan egingo dugu lan, lehenbailehen bueltan egoteko. Gure helburuak lortzeko borrokan jarraitu behar da" aipatu du irurtzundarrak. Mariñelarenak esker oneko hitzak ditu zaleekiko. "Eskerrik asko nigatik arduratu zareten guztioi. Gaur hegazkina hartzeko baimena eman didate. Besarkada bat" zioen pilotuak gaur goizean bere facebook-ean. Bihar eguerdian Bartzelonara heltzea aurreikusten du irurtzundarrak. Mediku azterketak bata bestearen atzetik izango ditu, ezker eskumuturra lehenbailehen osatzeko. Espargaró txapeldunMunduko Abiadura Txapelketako azken proba azaroaren 10ean jokatuko da, Valentzian, Chesteko zirkuituan. Ikusiko dugu irurtzundarra proba jokatzeko moduan egongo den ala ez. Moto 2 mailan Japoniako Sari Nagusian Tito Rabat eta Scott Redding lasterketatik kanpo geratu zirenez, Mariñelarenaren moduan, lasterketa eta Mundiala 22 urteko Granollerseko Pol Espargarók (Tuenti HP 40, Kalex) irabazi zuen. Aldiz, Moto GP eta Moto 3ko Mundiala Chestek erabakiko du.