Magna Xotak liderraren kontra ezin

Guaixe 2013ko azaroaren 4a

3.000 zale inguru bildu ziren Iruñeko Anaitasuna Pabilioian Magna Nafarroa Xotak eta Inter Movistar liderrak jokatutako partida ikusteko. Ongi jokatu zuen Irurtzungo taldeak, baina Inter Movistar talde ahaltsua da, aurrekontu potoloari esker izar potoloak dituena. Eta, hain zuzen ere, alde horrengatik irabazi zuen Madrilgo taldeak. Izan ere, egun munduko jokalari onena den Ricardinhok hat tricka egin zuen, hau da, hiru gol sartu zituen. Eta alde horrek eman zion nagusitasuna liderrari. Imanol Arregiren mutilak serio aritu ziren. Baina Ricardinhoren genialtasunaren kontra ezin izan zuten ezer egin. Defentsan aritu behar izan zuen Magnak. Atsedenaldira 0-3 aurreratuta joan zen Inter. 2. zatian erasora atera ziren irurtzundarrak. Rafa Usini eta Jesulitori esker 2-3 gerturatu ziren Magnakoak eta dena ematera atera ziren. Baina Ricardinhok euren ametsak zapuztu zituen, bi gol sartu eta gero. Nahiz eta emaitzarekin triste egon, Imanol Arregi bere mutilek egindako esfortzuarengatik pozik zegoen. "Erasoan konfiantza falta izan zaigu. Akatsak izan ditugu, baina taldeak borrokatu egin du, ez du partida galdutzat eman eta gauza oso politak ikusi ditugu" adierazi zuen partida bukatzerakoan. "Interren kontra irabazteko ez duzu partida on bat egin behar, partida perfektua baizik" gaineratu zuen. Inter Movistarrek jarraitzen du lider (22 puntu). Puntu berberak ditu El Pozo Murciak. Magna Nafarroa Xota 7.a da, 12 punturekin. 4 partida tarte gutxianEgutegi oso estua du Magna Nafarroa Xotak hurrengo egunotan. Bihar, asteartean, Espainiako Kopako lehendabiziko kanporaketa jokatuko du Magnak Montcadaren kontra, Bartzelonan. Ostiralean, ohorezko mailako ligako hurrengo jardunaldia jokatuko dute Zaragozan, Umaconen kontra. Errekuperatzeko apenas astirik izan gabe, maiatzaren 12an, asteartearekin, 12. jardunaldiko partida jokatuko dute Bartzelonaren kontra. Aurreratutako partida izanen da, Bartzelonak Europa mailako lehiaketa duelako. Eta azaroaren 15ean, ostiralarekin, Marfil Santa Coloma taldea hartuko dute Iruñean. Hortaz, taldea ez erretzeko magia egin beharko du Imanol Arregik.