Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Magna Nafarroa Xota Errege Kopatik kanpo geratu da. Atzo 3-1 galdu zuen 2.B mailako Maxon-Montcada taldearen kontra. Hurrengo egunotan oso egutegi estua du Irurtzungo taldeak eta Imanol Arregik adierazi zuen euren lehentasuna ohorezko mailako liga zela. Gainera, baja askorekin bidaiatu zuten atzo irurtzundarrek Kataluniara, Eseberri, Usin, Jesulito eta Dani Saldiserenak tartean, eta hori asko nabaritu zen. Partida hasi eta berehala, 8. minuturako, 2 gol sartu zituzten katalandarrek eta izugarri presionatu zuten Magna. Irurtzundarrek erantzun zuten eta Javi Saldise irurtzundarrak gola sartu zuen. Baina Magna partidan sartu zela zirudienean, Maxon Estellerrek Montcadarendako hirugarren gola sartu zuen. Bigarren zatian irurtzundarrak behin eta berriz saiatu ziren baina ezin. Roberto Martil atezain-jokalari postuan jarri zuen Imanolek baina, hala ere, markagailua ez zen mugitu. Montcadak lortutako errenta oso ongi kudeatzen jakin zuen eta Errege Kopan aurrera egin dute katalandarrek. Errege Kopa ahaztuta, ligan zentratu beharko da orain Magna Nafarroa. Ostiralean Zaragozako bidea hartuko dute, Umacón Zaragozaren kontra jokatzeko.