Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nafarroako ondare ez-materialaren Artxiboak eta Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak jardunaldi zientifiko bat antolatu dute gaurko. Kultura ondare ez-materiala babesteari buruz UNESCOko onetsitako Hitzarmenaren X. urteurrena dela eta, Nafarroako dantza tradizionalaren inguruko jardunaldi zientifikoa izanen da gaur Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak eta NUPeko Nafarroako ondare ez-materialaren Artxiboak antolatu dute jardunaldia, aurrenekoaren XXIX. Folklore Jardunaldien barruan kokatzen dena. Lau zatiGaur, 17:00etatik 21:00etara, NUPko Ada Byron aretoan (Arteak eraikineko sotoan) izanen da jardunaldia eta lau zati izanen ditu. Aurrenekoan Dantza tradizionalaren Atlasa Nafarroan proiektua aurkeztuko da. Bigarren partean, (18:30etik 19:30era) Nafarroako dantza tradizionalaren identifikazioa, dokumentazioa eta ikerketa nola egin aztertuko da. Alfredo Asiain NUPeko irakaslea eta Artxiboaren zuzendari teknikoa moderatzaile dela, hitza hartuko dute: Nafarroako Gobernuaren Museoetako Ataleko burua eta Julio Caro Baroja Etnologia Museoaren zuzendari Susana Irigarai Soto; dantza tradizionalaren azterketan espezialista den Mikel Aranburu Urtasunek eta Nafarroako Dantzarien Biltzarraren koordinatzaile Iosu Royok. Irurtzundarrak Dantza tradizionalaren identifikazioa eta dokumentazioa Nafarroan: boluntariotza izenburua duen azalpena emanen du. Ekaitz Santazilia NUPeko irakasleak aurkeztuko du hirugarren partea eta dantza tradizionalaren didaktika baten diseinuan jarriko du arreta. Nerea Muruamendiaraz NUPeko ikertzaile eta irakasle ohiak eta Peio Otano dantza tradizionaleko irakasle eta hezitzaileak parte hartuko dute. Behin-behineko ondorio batzuekin despedituko da jardunaldi zientifikoa.