Taupadak bat eginak Irurtzunen

Guaixe 2013ko azaroaren 8a

Bihar, 19:30ean Irurtzungo kiroldegian Fran Idareta, Haize Berriak banda eta Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasuko abesbatzakEtxean eta etxerako, ibarrerako, sortutako ikuskizunarekin oholtzetatik despedituko da Fran Idareta musikaria. Irurtzundarrak sortu, moldatu eta ekoizturiko Taupadak ikuskizunaren atzeneko emanaldia izanen da biharkoa. Akordeoilariak bere aldamenean 140 abeslari eta musikari izanen ditu  "euskararen jatorri mitologikoetan sakontzen duen ikuskizun musikala" eskaintzeko. Gainera, Gorka Hermosa (bandoneoia), Garikoitz Mendizabal (txistua) eta Joaquin Taboada (pianoa) izanen dituzte lagun. Ekitaldia Irurtzungo erraldoi eta buruhandien konpartsa omentzeko balioko du. Haien pertsonaietako batzuk ikuskizuneko protagonistetako batzuk ere dira gainera.Euskara da ikuskizunaren muina; "euskaldunon taupada, bihotza". Ikuskizuneko gidaria, off-eko ahotsa, euskara izanen da, sortzailearen testuak emanez. Mitologia, bai Sakanakoa bai Nafarroakoa, presente dago kontakizun horietan. Baina musika ere protagonista bada. Doinu tradizionaletik abiatuta banda eta abesbatzendako armonizazio berri, aberats eta modernoak sortu ditu Idaretak, Alberto Gonzalez moldatzailearekin batera.ErantzunaIrurtzundarra pozik da ikuskizunak izan duen harrerarekin. "Altsasun, aurreneko saiorako sarrerak bezperan agortu ziren eta bigarren saioan hiru laurdenak saldu ziren. Etxarri Aranatzen, 250 sarrera inguru. Jendea hunkitzea lortu genuen: ezinbestekoa zen Taupadak lelopean prestaturiko ikuskizun batentzat". Idaretak esan digunez, " gu ere hunkitu gara oholtza gainean. Ikusleen aurrean emaitzak harrigarriak izan ziren. Entseguetan jendea asko ahalegindu da. Baina zuzeneko saioetan, emaitzei so eginez, ahalegina biderkatu egin dela argi geratu da"."Orain dela gutxi Suediako unibertsitate bateko zientzialari batzuek abesbatza batean abesten duten pertsonen bihotzek aldi berean taupada egiten dutela argitaratu dute. Horren arabera, abesten hasi eta segundo gutxitara, bihotz guztiek erritmo berdina daramate. Hau da, bihotz asko taupaka, baina hala ere, guztiak bat izango balira bezala jokatzen dute. Hau da egun hauetan guri gertatu zaiguna: bihotz askoren taupaden bitartez gauzak adierazi ditugun arren, bihotz bakar baten taupadak izango balira bezala sentitu baititugu. Musikariena eta entzuleena bat eginda. Zorionak guztioi lorpenarengatik".EskertzaIdaretak, bihotzez, bere esker ona azaldu die ikuskizuna posible egin duten musikari eta abeslari guztiei. Abesbatzetako zuzendariei: Fermin Idareta, Alicia Armendariz eta Inma Arroyo. Esker oneko hitzak ere izan ditu "erantzunkizun garrantzitsua" hartu duen Luis Orduñarendako. "Horiena guztiena izan da Taupadak ikuskizunaren meriturik aipagarriena". Betisa Anda, Amaia Ijurra eta Patxi Mikeo kultur teknikariei eta lan egiten duten udalei ere luzatu die eskerrak musikariak. Alberto Gonzalez moldatzailea, Mikel Mendibil diseinatzaile grafikoa, Amaia Erdozia eta Oscar Corroza kamerak, Amaia Amilibia argazkilaria eta Jorge Cordon soinu eta argi teknikariari eskerrak eman dizkie ere.