Punteria faltak berriro kondenatu du Magna Xota

Guaixe 2013ko azaroaren 11

Ohorezko mailako ligako jardunaldia jokatu zuen ostiralean Magna Xota Nafarroak Zaragozan. Umacom taldearen kontra aritu ziren Imanol Arregiren mutilek eta nahiz eta gol aukera ugari izan, punteria falta latza izan zuten jokalariak. Eta hor joan zitzaien partida. Lehen zatian 20 gol aukera argi izan zituzten baina soilik bitan sartu zuten baloia Dani Saldisek eta Rafa Usinek. Aldiz, Umacom Zaragozak hobe haztatu zuen eta 4-2 irabazi zuen partida. "Lehen zatian dominatzaile argiak izan gara. 20 gol aukera nabarmen izan ditugu baina Abel atezain bikainaren aurrean markatzeko ez gara gai izan, bere geldialdi bikainengatik eta gure punteria faltagatik. Lehen zatian partida bideratuta utzi behar genuen baina ez da horrela izan" azaldu zuen partida bukaeran Imanol Arregi entrenatzaileak. Roberto Martilek bi txartel hori ikusi zituen eta aldageletara joan behar izan zuen. "Martilen kanporaketarekin jota geratu gara eta akats asko egin ditugu" gaineratu zuen entrenatzaileak. Bihar Bartzelonaren kontraInterMovistar taldeak jarraitzen du lider, 25 punturekin. El Pozo Murcia 2.a da (23 puntu), Bartzelona 3.a (22 puntu) eta Magna Nafarroa Xota 8.a (12 puntu). Hain zuzen ere Magna Nafarroa Xotak bihar Bartzelonarako bidea hartuko du, ohorezko mailako ligako aurreratutako partida jokatzeko. Bartzelonak Europa mailako partidak jokatu behar ditu eta horregatik ligako partida aurreratu behar izan dute. Apenas errekuperatzeko astirik izan gabe, aste gogorra izango da hau Irurtzungo taldearendako. Ostiralean Santiago Futsal taldea hartuko dute, egun sailkapenean 17 punturekin 5.a den taldea, 20:30ean, Arrosadia Pabilioian.