Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo Ohorezko Mailako 12. jardunaldiko aurreratutako partida jokatu zuen Magna Nafarroa Xotak Bartzelonan. Bartzelonak Europako partidak dituelako aurreratu zen jardunaldia. Aurrekontua ia hirukoizten dion eta izarrez jositako Bartzelonaren kontra aritzea ez zen erraza Imanol Arregiren mutilendako, eta nahiz eta irurtzundarrek aurpegia eman, merezita irabazi zuen Bartzelonak. Hori bai, 6-1eko errenta gehiegizkoa izan zen. Lehen zatian bi taldeak parez pare hasi ziren eta Magnak ere tarteren batzutan dominatu egin zuen. Atsedenaldia baino lehen Aicardok Bartzelonaren aldeko 3-1ekoa ezarri zuen eta horrek min asko egin zion Magnari. Bigarren zatian Bartzelonak hasi eta berehala bi gol sartu zituen minutu batean, partida sententziatuz, eta nahiz eta Magnakoek itxura ona eman, 6-1 galduta itzuli ziren. Partida bukaeran Imanol haserre agertu zen arbitroen erabakiekin. Bere ustez, Bartzelonari ez zizkioten seinaleztatu oso argiak ziren faltak. "Eta falta horien ondoren iritsi ziren golak". Baina Bartzelonakoa ahaztuta, ostiraleko lehian du burua entrenatzaileak. Magnak Santiago Futsal hartuko du Iruñean.