Kalakan, folk ametsak hasteko

Guaixe 2013ko aza. 15a, 10:42

Musika herrikoa, bertakoa edo beste kulturetakoa, doinu horien erakusleiho izateko sortu zen Folk Ametsetan zikloa. Musikazaleendako udazkeneroko ezinbesteko hitzordua da Irurtzunen.Kalakan taldeak, Ipar Euskal Herriko hiru perkusionista kantariak, igandean abiaraziko du zikloa. Thierry Biscary, Xan Errotabehere eta Jamixel Bereau kantarien ahotsak nola perkusioa (danborrak, txalaparta, tobera eta intxaurrak) eta gutxi batzuetan txirulak edo alboka dituzte musika sormenerako oinarri. Eta haietatik abiatuta Kalakan hirukoteak kantu herrikoiak bere modura moldatzen ditu, betiko doinuak zahar berri eginez. Tradizioa belaunaldi berriei edo munduari emateko beste modu bat da, sinpletasunetik, dotoretasunetik abiatuta, eta publikoari emozioak sorraraziz.Madonna kantariarekin biran ibili eta gero, Iparraldeko musikariek aurretik zuten ildoari eutsi diote. Haien musika eskaintzak Erribera eta Zuberoako txokoak batuko ditu munduan barnako beste doinuekin batera.SegidaHeldu den igandean, ordu eta toki berean, The Pink Rangers laukoteak AEBko musikan barnako bidaia eskainiko du.