Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Leitzan jokatu zen Euskal Herriko 3. Mailako Aizkora Txapelketako finala. Sei aizkolari lehiatu ziren, Iban Resano dorrobarra eta Goizeder Beltza etxarriarra tartean. 54 ontzako 3 enbor eta 60 ontzako 2 enbor erdibitu behar izan zituzten. Joxemari Telletxeak eta Eneko Otañok lehia estua izan zuten eta azkenean Telletxeak jantzi zuen txapela (12:59), Eneko Otañori 8 segundo atera eta gero (13:07). Iban Resano dorrobarrak osatu zuen podiuma (13:45). Goizeder Beltzak ez zuen esperotako maila eman. Hasieratik nahastu egin zen eta ia enbor guztietan buelta eman behar izan zuen enborra moztu ahal izateko. Azken postuan sailkatu zen (15:34). Mieltxo Mindegia 4.a izan zen (14:00) eta Asier Pellejero 5.a (14:48). Lehen bi postutan sailkatzeagatik Telletxeak eta Otañok 2. mailara igotzea lortu dute.