Euskaldunak biltzeko ekitaldi sorta Irurtzunen

Guaixe 2013ko aza. 29a, 10:25

Hizkuntzaren erabilera sustatzeko guneak, proposamenak, antolatu eta Euskal Ekitaldiak programa elkartu ditu Aizpea euskara taldeak. Gero eta irurtzundar gehiago dira euskara dakitenak. Ezagutzeak, ordea, ez du erabiltzea esan nahi eta hori nabarmena da Irurtzunen. Horregatik, Aizpeatik euskara dakiten irurtzundarrei (eta inguruko herrietakoei) plaza batzuk eskaini nahi dizkiete, euren hizkuntzan, euskaraz aritu daitezen. Egunero euskarazAbenduaren 3a, asteartea, Euskararen nazioarteko eguna da. Egun horretan euskararen aldeko makina bat adierazpen izaten dira. Aizpea euskara taldeak Euskaltzaleen Topaguneak sustatutako kanpaina bere egin du eta euskaraz 365 egunez aritzeko deia luzatu du. Kanpainako kartelarekin herriko taldeei argazkiak egiten ari zaizkie eta harekin mosaiko bat osatzeko asmoa dute Aizpeakoek. Nahi duenak argazkiak egiteko gonbitea luzatu dute. Euskaraz bizitzeko gonbitea egin du Aizpeak. Alez alePirritxek, Porrotxek eta Marimototsek urtero abenduaren 3a Irurtzunen egonen direla badakite. Eta aurten ere hala izanen da, 17:00etan. Bizipoza ikuskizun berria ekarriko dute Irurtzunera pailazoek. Sarrerak 6 eurotan Martxuetan eta Pikuxarren daude salgai abenduaren 2ra arte. Kiroldegiko txarteldegia 16:00etan zabalduko da abenduaren 3an. Euskal Ekitaldietan urtero ez da txangorik falta. Izena ematen duten irurtzundarrek abenduaren 6an Orba ibarreko erromanikoa ezagutzeko aukera izenen dute. Arkitektura estilo hori ezagutu ondoren Garinoainen bazkaltzeko aukera izanen da. 9:00etan abiatuko dira autobus geltokitik. 20 euro, bazkaria barne. Izen ematea Pikuxarren edo Iratxon egin daiteke abenduaren 3ra arte. Bertsolariek ezin ere hutsik egin Euskal Ekitaldietan. Erika Lagoma eta Uxue Alberdiren bertsokerarekin gozatzeko aukera izan da, abenduaren 21ean, Iratxo elkartean. Txartelak 15 eurotan eskuratu daitezke. Pikuxarren eta Iratxon eman daiteke izena. Gehienez ere 80 pertsonarendako tokia dago. Euskal Ekitaldiak Irurtzun Telebistaren 5. saioaren mustutzearekin despedituko da ilbeltzaren 4an, larunbatean, 20:00etan Pikuxarren. Saio horretan, ziurrenik, Euskal Ekitaldiek beraiek aparteko tokia izanen dute. Telebista irurtzundarrak larunbatean bere 4. saioa mustu zuen Aizpeak. Ferien, Pikurock-en, antzerki zikloaren edota San Martin festen berri jaso nahi duenak Irurtzungo Euskaraz blogean du ikusgai. Aizpea euskara taldeak antolatutako ekitaldietan parte hartzen duten guztien artean Erriberako euskalgintzaren aldeko Errigora hiru zare zozketatuko dira.  EgitarauaEuskarak 365 egun. Abenduaren hasieran. Noiznahi, nonahi, orain, hemen. Geu izateko euskararen herrian, egizu argazkia euskararen alde.Bizipoza. Pirritx, Porrotx eta Mari MototsAbenduaren 3an, asteartean, 17:00etan kiroldegian. Erromanikoa Orba ibarrean. Abenduaren 6an, ostiralean, 9:00etan autobus geltokitik. Bertso-afaria. Erika Lagoma eta Uxue AlberdiAbenduaren 21ean, larunbatean, 21:30ean Iratxo elkartean. Irurtzun Telebistaren 5. saioaIlbeltzaren 4an, larunbatean, 20:00etan Pikuxarren.