Hartzekodunen batzarra Inasako bideragarritasun plana aztertzen

Guaixe 2013ko azaroaren 28a

600 langileen pentsio funtsa kentzea, hartzekodunek zorraren erdia barkatzea eta komertzializatzaile gisa segitzea proposatu du BaikapekInasako zuzendari  Santiago Gonzalez Berganzonesek enpresarendako bideragarritasun plana aurkeztu du. Haren eta Bavaria Industrial Kapital AGen (Baikap) asmoa da Irurtzungo lantegia zabalik mantentzea Portugalgo Cacem-eko Portalex enpresan ekoiztutako aluminio profilak saltzeko. Bederatzi langile ariko lirateke lanean. Baikapek joan den urteko azaroaren 5ean borondatezko hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuen. Orain bi neurri jasotzen dituen bideragarritasun plana aurkeztu du. Alde batetik, gizarte-aurreikuspeneko plana ezabatzea. Inasan hamar urte baino gehiago lan egin duten langileek, edo haien alargunek, jubilatzerakoan enpresatik hilero diru kopuru bat jasotzen dute. Urtero haren balioa handitzen da. 600 bat pertsonak jasotzen dute osagarri hori eta Baikapek hura kentzea eskatu du. Bestalde, hartzekodunei zorraren erdia barkatzea eskatu die Baikapek. Hartzekodunek onartuko balute, Baikap hartzekodunen lehiaketatik aterako litzateke eta 16 milioi euroko balioa duten Inasako lurrekin eta pabilioiekin geldituko litzateke. Langileen iritziaInasan aritu ziren langileak astelehenean merkataritza-arloko epaitegian eskatu zuten gizarte-aurreikuspeneko plana ez ezabatzeko. "Guk sortutako eskubide bat da. Epaitegiak bidegabekeria hau ez baimentzea espero dugu". BBVA Seguros da gizarte-aurreikuspeneko plana kudeatzen duena eta hura ere salatu dute langileek: "planeko konpromisoak bete ahal izateko Inasak egin beharreko ordainketak ez dizkio eskatu". Gaineratu dutenez, Baikapek BBVAri 6 milioi euro zor dizkio.Gaur bilduko da Inasako hartzekodunen batzarra. Langilen ordezkariek azaldu dutenez, luze joko du hartzekodunen inguruan erabakia hartzea, behar izanez gero langileek eurena dena epaitegietan defendatzeko asmoa baitute. Gaineratu dute Portugalgo enpresa ixtear dagoela eta bideragarritasun planak ez duela etorkizunik, gizarte-aurreikuspeneko plana desegin nahi du.