Inasak proposatutako hitzarmena ez onartzeko eskatu dio udalak hartzekodunen batzordeari

Guaixe 2013ko azaroaren 28a

Inasak zorrak dituen erakundeei hura kitatzeko proposamena egin die. Horren berri jakinda Irurtzungo Udalak hartzekodunen batzorde horri, eta bereziki BBVAri, eskatu dio Inasaren proposamenik ez onartzeko. Gauza bera eskatu dio Inasako hartzekodunen konkurtsoa kudeatzen ari den Bilboko Sindicatura taldeari. Txiki Iriarte alkateak esan duenez, Inasak proposatutako hitzarmena "langileen eskubideen kontrakoa da, baita hartzekodun txiki eta irurtzundar gehienen kontrakoa ere (jubilatutako langileen edo haien alargunen gizarte-aurreikuspeneko plana ezabatzea eskatu baitu)". Inasak Irurtzungo Udalari zor dizkion 120.000 euroak (2012ko eta 2013ko hiri kontribuzioa eta ekonomia-jardueren gaineko zerga) ordaintzeko eskatu dio. Iriartek jakinarazi duenez, Inasak aurkeztutako bideragarritasun planean enpresako lurrak lehenera ekartzeko ingurumen plana indarrik gabe uzteko asmoak daude (dagokion fidantza 600.000 eurokoa da). Alkateak gaineratu du bideragarritasun planean Inasak proposatu duen jarduera aldaketa ez dutela udalarekin kontrastatu. EskaerakInasa eta Baikapeko buru Santiago Gonzalez Berganzones eta Harold Ender publikoki salatu eta gaitzetsi ditu udalak, Irurtzunen izandago jokabide pertsonal eta enpresarialagatik. Aldi berean, alkateak Nafarroako lehendakari-orde Lourdes Goikoetxearen esku-hartzea eskatu du, "esandakoa bete dezan: akzio guztiak egiten ari dira enpresa aktuazio honetatik onik ez joateko". Iriartek gaineratu du: "makineriaren salmenta onartu (%90 saldua) eta beste inbertsiogile baten sarrera itxi zuen Sindicatura taldeak proposamena onartzen badu, atzera ere, langileen kontrako eta Bavaria Industrial Kapital AGren aldeko eta guztiz salagarria den urratsa emanen luke". Alkateak gogora ekarri du ia langile guztiak (200 bat) kaleratu ondoren, Inasak udalarekin duen zorra ez duela kitatu. Zor horren erdia barkatzeko proposamena egin dio Baikapek hartzekodunen batzordeari. Iriartek zera galdetu du: "Etorkizunean ordainduko dute? Zein baldintzetan? Zeinek exijituko die bideragarritasun planeko baldintzak betetzeko?"Inasaren bideragarritasun planaren proposamenaren oinarriak - Makineriaren salmenta. - Jarduera aldaketa, soilik 9 langilerendako, aluminio profilen banaketa eta komertzializazioa. - Lurzoruaren jabetzari eutsi. - "Jabetzak" saldu edo alokatu. - Ingurumen plana ez bete. - Zordunei zorraren erdia ordaindu. - Langileen gizarte-aurreikuspeneko plana ezabatzea.