Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Magna Nafarroa Xotak helburua bete du: Espainiako Kopan aritzeko sailkatu da Irurtzungo taldea. Tuterako Rios Renovablesen kontrako partidan 4-0 irabazita lortu ditu Imanol Arregiren taldeak Espainiako Kopan aritzeko beharrezkoak zituen puntuak. Hortaz, Irurtzunen kontentu daude, oso pozik. Rios Renovables eta Magna Nafarroa Xotaren arteko derbya ikusgarria izan zen. Anaitasuna pabilioia bete egin zen eta bertan bildu ziren 3.000 zale inguruk gozatu ederra hartu zuten, giroa paregabea izan baitzen. Tentsio handiko partida izan zen, eta zaletuen artean ere hitz potoloak entzun ahal izan ziren, Magnako kapitain Javi Eseverriren eta Rafa Usinen kontrakoak, tarteko. Rafa Usinek ere zaletuei erantzun egin zien eta giroa pil-pilean egon zen. Lehen zatian Tuterakoek izan zituzten gol aukera nabarmenenak. Baina 20. minutuan Jesulitok Magnaren lehendabiziko gola sartu zuen eta partidaren norabidea guztiz aldatu zen. Bigarren zatian berdeek izan zuten partidaren kontrola, eta partida sententziatu zuten, Eseberrik (2) eta Rafa Usinek sartutako golei esker. Partida bukaeran pozez zoratzen zeuden Magna Xotakoak. "Derbya irabaztea baino gehiago, guretzako inportanteena 3 puntu hauek lortzea zen, Koparako sailkatzeko" nabarmendu zuen Imanol Arregi entrenatzaileak.