Alex Mariñelarena kirofanotik pasatu da

Guaixe 2013ko abenduaren 10a

Denboraldia bukatu dela aprobetxatuta, Alex Mariñelarena pilotu irurtzundarra kirofanotik pasatu da. Eskuin besaurreko erdialdeko nerbioan duen konpresioa edo "sindrome compartimental" deritzona arintzeko ebakuntza egin dio, Zaragozan, Peguero medikuak. Alexena motor gidariek ohikoa duten lesioa da. Besaurrea gehiegi garatzen zaie, eta nerbioak estututa gelditzen dira. Ondorioz, ezin dituzte behatzak behar bezala mugitu eta erabili. Alex Mariñelarena Zaragozan bizi da baina Irurtzunen dago osatzen. "Badakizu etxean bezala inon!" adierazi digu. Baina Zaragozara ere bidaia batzuk egin beharko ditu, medikutik pasatzeko. "Bihar (asteazkena) Zaragozara noa. Ea jarri dizkidaten grapak kentzen dizkidaten, traba egiten didatelako. Bestela, ongi osatzen ari naiz" gaineratu du pilotuak. Medikuek aurreikusten dute hiru asteko epean Irurtzungo pilotua guztiz osatuta egongo dela.