Sexu indarkeriaren kontrako kantua sortu du Gaur Ez taldeak

Guaixe 2013ko abe. 12a, 13:41

Emakumeenganako indarkeria salatzeko sortu den Eten bilduman jasoa dago, Euskal Herriko beste 21 talderen kantuekin bateraON taldeko Itsaso Gutierrezen ekimenez sortu zen Eten bilduma, emakumeenganako indarkeria salatzea helburu duena. Krisiak eraginda sexu indarkeria jasan duten emakumeak laguntzen dituzten elkarteendako diru gutxiago dago. Kontzientziazio kanpaina gutxiago egoteak tratu txarren salaketa kopurua jaistea ekarri du. Sexu indarkeria salatu eta talde horiendako diru iturria izateko asmoz sortu da Eten bilduma. Baita hura aurkezteko azaroaren 30ean Durangon egin zen kontzertua. Emanaldian Gaur Ez taldeak ezin izan zuen parte hartu, baina bildumarako sexu indarkeria hizpide duen kantu bat sortu du propio. Xabier Unanua (baxu-jolea) irurtzundarra da taldeko kidea. Unanuak esan digunez, nahiz eta Jule (abeslaria) Alemanian eta Julen (bateria) Senegalen egon Gaur Ez une honetan sortze lanean ari da. Egiteko horretan teknologia berriek laguntzen dute entsegu lokalean sortutakoa aurrera eramaten. Haiek bueltatzen direnean sakonduko dute sortze lan horretan.