Inasaren akaboa

Guaixe 2013ko abe. 12a, 16:13

Hartzekodunen batzarrak ez zuen bideragarritasun plana onartu. Inasaren hartzekodunen konkurtsoa likidazio prozesuan da. Jabeek eta kudeatzaileek enpresaren gaineko ahalmena eta jabetza galduko dute Inasako jabe Bavaria Industrial Kapital AGek (Baikap) 13 milioi euroko zorrak ditu.

Hartzekodunen batzarra azaroaren 28an biltzekoa zen Iruñeko Auzitegian. Baikapek bideragarritasun plana zuen mahai gainean, guztiei 7 milioi ordaindu eta lur eta pabilioiekin gelditu, Portugalen ekoiztutako aluminio profilak saltzeko. Hartzekodun nagusietako bat, BBVA, ez zen agertu eta Baikap-en plana bertan behera gelditu zen.

Ondorioz, Inasa konkurtso administratzaile (Sindikatura taldea) eta merkataritza-arloko epaitegiaren esku gelditzen da. Langileen ordezkariek azaldu digute haiendako egoera berriak jokaleku hobea eskaintzen diela. Aurki batzarra egitekoak dira. Inasatik jubilatutakoek eta 10 urte baino gehiago lan egin dutenek enpresaren gizarte-aurreikuspeneko planetik dirua kobratzeko aukera dute. Inasak bakoitzari zenbat zor dion kalkulatzen hasiko dira orain eta banakako eskakizunak eginen dituzte epaitegian.

Kutxan dagoenarekin eta lantegi eta lursailen salmentatik ateratzen denarekin haiei ordaintzeko izanen dela uste dute. Prozesua bi hilabete eta 3 urte bitartean luzatu daiteke. Hartzekodunek konkurtsoa kalifikatzeko (uste-gabekoa edo erruduna) prozedura zabaldu dezakete. Langileak saiatuko dira epaitegiak errudun izendapena lortzen, haien iritziz Baikap-ek enpresaren itxiera eragin zuela erakutsiko delako horrela. Gertatutakoa hilabete batzuk lehenago jazoz gero enpresa zabalik legokeela pentsatzen dute langileetako askok.