Makina bat joko eta jostailu izanen dira aukeran bihar Irurtzungo plazan. Aste guztian Atakondoa ikastetxe publikoan ikasleek eramandako jokoak bildu dituzte, goizean, sartzerakoan. Bat edo sei eraman, jostailuak eman dituzten ikasleek txartel bana jaso dute. Eta hura erakutsi beharko dute bihar beste joko edo jostailu bat eskuratu nahi badute. Baina zera berri batekin etxera joan aurretik antolatu diren joko kooperatiboetan eta tradizionaletan jolastu edo haiek ezagutzeko aukera izanen dute txikiek. Atakondoa eskolako guraso elkarteak, Itxipuru Taldeak, Immigrazio Zerbitzua eta Irurtzungo eskualdeko Gizarte Zerbitzuek antolatu dute ekimena. Jostailuak izateko zailtasunak dituzten umeei haiek izateko aukera eman nahi diete. Horretaz aparte, soberan geratzen diren jostailuak haurren esparruan lan egiten duen erakunde bati emanen dizkiote.