Castellonen jokatu zuen Magna Nafarroa Xotak, Peñiscolaren kontra. Bina berdindu zuten baina Irurtzungo taldeak gehiago merezi izan zuen. Hala uste du, behintzat, Imanol Arregi entrenatzaileak. “Nire jokalariek egindako partidarekin kontentu nago. Berdindu dugu, baina aukerak eta bereziki bigarren zatian egindako jokoa kontuan hartuta, zerbait gehiago merezi izan dugu” adierazi zuen Irurtzungo teknikariak.
Magna Nafarroa Xotak ez zuen partida ongi hasi eta Peñiscola izan zen markagailuan aurreratu zena. Imanol Arregik jokalarien dinamika aldatu zuen eta emaitzak iritsi ziren, Rafa Usinek berdinketaren gola sartu zuelako. Baina pozak gutxi iraun zuen hurrengo jokaldian Peñiscola 2-1 aurreratu zelako. Atsedenaldia eta gero, markagailuari buelta emateko asmoz atera ziren kantxara irurtzundarrak. Eseverri berdintzear egon zen, baina Peñiscolako Gus atezainak geldialdi bikainak egin zituen. Marc Tolràk eta Rafa Usinek ere gol aukera politak huts egin zituzten, baina, bukaeran, Eseverrik berdintzea lortu zuen. Lortutako puntuak zapore eskasa utzi zuen, izandako gol aukerengatik Magnak irabaztea merezi izan zuelako. Punteria hobetu beharrean daude Imanol Arregiren mutilak.
Hurrengoa Jumillaren kontra
Inter Movistar da liderra, 40 punturekin. El Pozo Murcia eta Barcelona bigarrena eta hirugarrena dira, 32na punturekin. Magna Naarroa Xota 6.a da, 22 punturekin. Asteburuan 16. jardunaldia jokatuko da. 20 punturekin sailkapenean 7.a den eta arerio zuzena den Montesinos Jumilla izango du aurkari Magna Nafarroak ostiralean, 21:00etan, Andalucian.