Irurtzungo kiroldegiak 12+12 orduko areto futbol txapelketa hartuko du asteburuan. Irurtzungo La Guan taldeak antolatu du txapelketa, azken urtetan Gabonetan egiten duen moduan. Txapelketa bihar hasiko da, larunbatean, goizeko 9:00etan eta 22:00etara arte luzatuko da. Igande goizean ekingo zaio berriro txapelketari, 10:00etan.
La Guan taldeko kide eta Magna Nafarroa Xotako jokalari den Roberto Martilek adierazi digunez 15 talde ariko dira txapelketan. 3 taldez osatutako 5 multzotan jokatuko dute. “Multzo bakoitzeko talde onenak eta bigarren postua lortu duten 3 talde onenek final laurdenak jokatuko dituzte igandean, goizeko 10:00etan hasita. Gero finalerdien txanda helduko da eta arratsaldean final handien unea” esplikatu digu Martilek. 3. eta 4. postua zehazteko finala 17:30ean hasiko da eta final handia 18:30ean.
Izena eman duten 15 taldeetatik gehienak irutzundarrak dira. All Star altsasuarrak eta Lagun Artea lakuntzarrak ere ariko dira. Lekunberritik Beti Kozkor dator eta Iruñea eta Iruñerritik beste hainbat talde ariko dira. Partidak jokatu bitartean zerbait hartzeko aukera izango da kiroldegian. Horretaz gain, Gabonetako zarea zozketatuko da.
Sariak
Txapeldunek 500 euro, kopa eta txapela. Txapeldunordeek 250 euro eta trofeoa eta hirugarrenek 100 euro eta trofeoa. Horretaz gain, jokalari onenak trofeoa jasoko du.
15 taldeak
A multzoa: Beti Kozkor, Potsomagic, All Star
B multzoa: Smokers, Los Aspas, Isotopos
C multzoa: Karrobide, La Six, Fluminense
D multzoa: Faif, Guan, Lagun Artea
E multzoa: Txampa Samba, Noain, Bi Aizpak