Lagun Artea, 12+12 areto futbol txapelketako txapelduna

Guaixe 2014ko urtarrilaren 8a

Lagun Artea taldea, txapelduna.
Finalean 3-0 irabazi zion Isotopos taldeari

Irurtzungo La Guan taldeak antolatuta, abenduaren azken asteburuan 12+12 areto futbol txapelketa jokatu zen Irurtzungo kiroldegian. 15 talde lehiatu ziren (Beti Kozkor, Potsomagic, All Star, Smokers, Los Aspas, Isotopos, Karrobide, La Six, Fluminense, Faif, Guan, Lagun Artea, Txampa Samba, Noain eta Bi Aizpak), 5 multzotan banatuta. Larunbatean multzo bakoitzaren barruko ligaxka jokatu zen. Multzo bakoitzeko talde onenak eta bigarren postuan geratu ziren hiru talde onenak final laurdenak jokatu zituzten igandean, eta ondoren finalerdien eta finalen txanda iritsi zen.

Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko lehian Arazuriko Txampa Sambak 4-3 irabazi zion Karrobideri. Eta, final  handian, Lakuntzako Lagun Arteak 3-0 hartu zuen menpean Irurtzungo Isotopos. Txapeldunek 500 euro, kopa eta txapela eskuratu zituzten, txapeldunordeek 250 euro eta trofeoa eta hirugarrenek 100 euro eta trofeoa. Txapelketako jokalari onena Lagun Arteako Patxi Beraza irurtzundarra izendatu zuten.

Txapelketarekin pozik
La Guan talde antolatzaileko Roberto Martilek adierazi digunez kontentu daude txapelketarekin. “Oso ongi joan da dena. Maila handiko txapelketa izan da eta jende asko pasatu da partidak ikustera. Finalean 400 pertsona zeuden eta giroa paregabea izan zen” adierazi digu Martilek. Aipatu sariez aparte, Andres Cruzi trofeo berezia eman zioten antolatzaileek. “Andres Cruz mitikoa da, txapelketa guztietan aritu da. Horregatik trofeo berezia eman genion, azkeneko 10 urteetako jokalari onenari” gaineratu du Martilek. Txapelketak arrakasta duela ikusita, hurrengo urtean ere txapelketa antolatzeko asmoa dute.