Xotak Iruñeko Udaleko aurreko denboraldiko diru-laguntza ez duela kobratu salatu du

Guaixe 2014ko urtarrilaren 9a

Tatono Arregi.
Tatono Arregi presidenteak instituzioei eskatu die argi esan dezatela klubek zenbat jaso behar duten eta noiz

Ez dira garai onenak. Magna Nafarroa Xotaren egoera ekonomikoa ez da ona. Tatono Arregi presidenteak azaldu duenez, oraindik Iruñeko Udalak aurreko denboraldian onartu zizkien 40.000 euroak jasotzeko zain daude. “Azkeneko hilabetekoa ordaintzeko Xotako presidenteak eta presidenteordeak 35.000 euroko kreditu pertsonal bat eskatu behar izan dugu. Aurreko urteko Iruñeko Udaleko 40.000 euroak kobratzeko gaude oraindik. Baina luzatutako aurrekontuek, beranduago ateratzen diren deialdiek eta bestek, klub guztiei sekulako arazoak sortzen ari dizkigu, diruzaintza arazoak” gaineratu du presidenteak. Irurtzundarrak gaineratu duenez “administrazioari ez gara diru gehiago eskatzen ari; politikoek erabaki behar dute zein proiektuei eman behar dioten eta zenbat. Baina nahi duguna da argi esan dezatela zenbat jaso behar dugun eta noiz, diruzaintza arazoak ez sortzeko. Ez baitakigu zenbat jasoko dugun eta noiz. Horrek diruzaintza distortsionatzen du” nabarmendu zuen presidenteak.

Esne bilketa
Bestalde, Xota fundazioak bere lanarekin jarraitzen du. Perun haurrak babestu edo aitapontetzeko kanpaina egiten ari dira eta, bestetik, Lacturale esnea jasotzen ari dira, okerrenak daudenak laguntzeko. Urrian 6.000 esne litro jaso zituzten eta aurreko hilabetean 1.500 litro. Horrela, Magnak El Pozoren kontra ostiralean duen partidan zaleei esne litro bat eramateko gonbita egin du klubak, garai hauetan gehiago behar dutenei laguntzeko.