Magnak El Pozo ahaltsua hartuko du gaur Iruñean

Maider Betelu Ganboa 2014ko urtarrilaren 10a

Carlitos baja izanen da gaurko partidan. Argazkia: Xota.
Gaur, 20:30ean, Anaitasuna pabilioian

Urteko azken partidan Magna Nafarroa Xotak 5-2 hartu zuen menpean Burela taldea eta urtea bikain despeditu zuten Imanol Arregiren mutilek. Asteburuan atseden jardunaldia zuten eta egun hauek guztiak ostiralean duten partida garrantzitsua prestatzeko aprobetxatu dute Irurtzungoek. Izan ere, El Pozo Murcia talde ahaltsua etorriko da Iruñera. Partida Anaitasuna pabilioian jokatuko da, gaur, 20:30ean. Energy TV telebista katean zuzenean jarraitu ahal izango da partida.

Inter Movistar taldea da egun, ohorezko mailako liderra (46 puntu). Barcelona da bigarrena (41 puntu) eta El Pozo hirugarrena (38 puntu). Aipatu hiru taldeak dira ligako oilarrak. Gainontzeko taldeen aurrekontua bikoiztu, hirukoiztu eta laukoiztu egin ahal dute lasai. Magna Nafarroa 5.a da sailkapenean (28 puntu), meritu handiko postua, krisi egoerari aurre egiteko hainbat jokalariri uko egin eta harrobiaren aldeko apustua egin baitu Magnak. Imanol Arregiren gizonak ez dira talde handien aurrean kikiltzen eta ostiralean lehia estua espero da Anaitasunan. Ea urtea talde handi bat menperatzen hasten ahal duen Magnak.