Magna Nafarroa Xota El Pozo Murcia talde ahaltsua irabazteko zorian egon zen ostiralean Anaitasunan. Hasieratik bukaerara, eta bereziki partidako azken uneetan, partida emozio handikoa izan zen, baina, tamalez, 3 puntuek ihes egin zioten Magnari. Bi taldeek dena eman zuten. El Pozo izan zen markagailuan aurreratu zena, baina Eseverrik berehala berdindu zuen. Xotako Asier atezainak sekulako geldialdiak egin zituen, eta berdinketarekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian, Tolrák eta Eseberrik (penaltyz) 3-1 aurreratu zuten irurtzungo taldea. Baina El Pozok distantziak laburtu zituen eta 3-5 aurreratu zen tarte laburrean. Hala ere, Magnak dena eman zuen eta Victor atezain-jokalari moduan jarri zuen Imanolek, garaipenagatik borrokatzeko. Eseberrik Magnaren laugarren gola sartu zuen, atzera ere penaltyz, baina partida 4-5arekin bukatu zen.
“Berdinketa gure esku izan dugu, gol aukera oso argiak izan baititugu, baina ez da posible izan. Pena da, gehiago merezi genuelako” adierazi zuen partida bukaeran Imanol Arregi entrenatzaileak. Arregi pozik azaldu zen bere jokalariek egindako lanarekin. “Oso kontentu nago beraiekin, sekulako esfortzua egin dutelako” gaineratu zuen.
Ohorezko mailan, Inter Movistar da liderra (49 puntu). Magna Nafarroa 5.a da, 28 punturekin. Asteburuan Kanarietan jokatuko du Irurtzungo taldeak, sailkapenean azkena den Gran Canariaren kontra.