Gobernuak Inasan izandako jokabidea zalantzan jarri du oposizioak

Guaixe 2014ko urtarrilaren 16a

Inplikazioa erabatekoa izan dela erantzun dute gobernutik: “egia da Inasari jarraipenik ezin izan zaiola eman ikustea etsigarria dela”

Bilduk eskatuta Inasaren itxierari buruzko azalpenak eman zituen atzo Lourdes Goikoetxea kontseilariak Parlamentuko Ekonomia, Ogasuna, Industria eta Enplegu Batzordean. Gobernuko kideak esan zuenez, “eskutan izan dugun guztia egin dugu Inasaren jarduna eta lanpostuak mantentzeko, jakinik erabakiak hartuko zituzten konkurtso administratzailea eta merkataritza-arloko epaitegia zeudela”. Eta gaineratu zuen, “legeak gustatu edo ez, justiziaren bidea segitu behar zen”.

Goikoetxeak azaldu zuenez gobernuak esku hartu zezakeen hiru arlotan aritu zen. Konkurtsoa hasi zenean eta enpresa itxi aurretik, laguntzak ezin zirela eskatu argitu zuen. “Itxiera gertatu zenean eskatu ziren. 819.449,62 euroko zorra du (interesak barne) Baikap-ek Nafarroako Gobernuarekin”.

Bestetik, Goikoetxeak azaldu zuenez, lan isuna jarri zitzaion enpresari, bete beharrak ez betetzeagatik. Eta, azkenik, lantegia dagoen tokiaren ingurumen arloko lehengoratzea eskatu zaiola argitu zuen. “Horrek zenbat balioko duen ez dakigu oraindik”.

Baikapek 2012ko lastailean erosketa eskaintza bati uko egin ziola azaldu zuen Goikoetxeak.  Zuzendaritzak lantegia ixtea erabaki ondoren, Nafarroako Gobernuaren ahaleginak izan ziren:  lehenik, langileak ahalik eta hobekien ateratzeko akordio bat lortzea, zuzendaritza eman beharreko pausoak errespetatzera behartuz: kanpo-birkokatze plan bat aurkeztera eta gizarte akonpainamendu neurriak hartzera. Abenduaren 26an Inasaren likidazio fasearen irekiera egin zela jakinarazi zen. “Orain likidazio plana aztertuko da eta etengabeko jarraipena eginen du departamentuak.”

Kontseilariak argitu zuen udan “prozesu bideragarri bat egon balitz, dudarik gabe, gobernuak makinaria erosiko zukeela. ANELekin egindako bileretan aurrera egiteko oso jarduera konplexua zela argi ikusi zen, ordea”. Gogorarazi zuen udan inbertsio taldeak egindako eskaintza konkurtsoko administratzaileak ez zuela onartu. Bestalde, gogora ekarri zuen konkurtsoa hasi aurretik langileek kontratu guztiek, borondatez, hausteko akordioa sinatu zutela, beldur zirelako prozesua hasiz gero ez zutela ezer kobratuko. Horrek prozesuan garai bat eta bestea markatu zituela nabarmendu zuen.

 
Jokabidearekin zalantzak
Bikendi Bareak (Bildu) borondatezko hartzekodunen konkurtsoan sartu aurretik zuzendaritzak makinaria enkantean saltzeko zuen asmoaren jakitun ziren galdetu zion kontseilariari. Langileak kontratuen etetea sinatuko zuten akordioa lortzeko Nafarroako Gobernua bitartekari izan zela gogoratu zuen Bareak. “Puntuetako batean, kalte-ordaina makinariaren salmentari lotuta zegoen”. Lehentasuna enplegua eta jarduna mantentzea izan beharko lukeela uste du Bareak.

Baikap-ek 10 langilerekin komertzializazio lanak egiteko proposamena, jarduera geldiarazteko tranpatzat jo zuen Bildukoak. “Halakorik ez zuen egin eta aktiboen salmenta geldiarazteko inork ez zuen helegiterik aurkeztu. Langileek ezin zuten kaleratuak zeudelako eta ez zutelako zorrik”. Nafarroako Gobernua zorduna izanik horretarako aukera zuen eta ez zuela egin leporatu zion. Industria jarduera bueltatzeko aukera bat izan zitekeela azaldu zuen Bareak.

Joan den urteko garagarzaroan atzerriko inbertsio talde baten interesagatik makinaria salmenta eten zenean, gobernuak makineria erosi edo haren erosketa abalatu edo salmenta errekurritzeko aukerak zituela eta ez zuela halako ezer egin nabarmendu zuen Bareak. “Nafarroako Gobernuak hainbat aukera izan ditu Inasa ez desegiteko, baina besterik ezin zuenean egin esku hartu du, eta tresna gutxi batzuk erabiliz” salatu zuen Bareak. Baikapen jarrera salatzearekin batera, administrazioak egoera konpontzeko gaitasun falta salatu zuen. Baita bultzada ekonomikoa emateko borondate falta ere.

Coro Gainzak (UPN) esan zuenez, “azken emaitza ez zitzaigun inori gustatu, baina uste dut gobernuak itxiera saihesteko urratsak egin zituela”. Ezinezkoa izan zela gaineratu zuen.

Txentxo Jimenezek (Aralar-NaBai) Baikap-ek jarduera gelditu eta Inasa eraitsi nahi zuela adierazi zuen. “Ukituak ziren alde guztien borondatearen gainetik bere borondatea bete du Baikap-ek, enpresa likidatu du”. Inasaren bideragarritasuna eta jabe aldaketa posible zela nabarmendu zuen. “Enpresak eraisteko asmoarekin etortzen direnei aurre egin behar zaie”. Gobernuaren jarduera “dispertsoa” izan zela adierazi zuen. Zorduna bada prozesuan zergatik ez zuen esku hartu galdetu zuen.

Jose Migel Nuin (I-E) Baikap Inasa ixtera etorri zela adierazi zuen eta langileen enpresaren jarduna mantentzeko ahalegina aitortu zuen. Akaberarekin “etsipena” sortzen dela gaineratu zuen. “Langileek borrokatu zuten eta ez dakit besteok, gobernuak, maila eman duen”. Itxiera saihesteko egin zitekeen guztia egin ote zen galdetu zuen. Legedia ez dela egokia eta halako enpresa jokabideak errazten dituela salatu zuen eta, horregatik, legedia aldaketa eskatu zuen.

Manu Aierdik, (GeroaBai), azkenik, Baikap-en espekulazio bokazio hutsa nabarmendu zuen. Legediak halako aukera ematea salatu eta Inasako langileen konpromisoa nabarmendu zuen. Egun hartzekodunen konkurtsoa zertan den, gobernuaren jarrera zein den eta zein aukera dauden argitzea eskatu zuen.

 


Kronologia laburra
2012ko garagarrilean prozesua hasi zenean, 155 langile kaleratzeko aurreneko EEE aurkeztu zenean, lehen harremanak izan genituen. Arrazoiak ziren: ekoizpena eta ekonomikoak.

2012-10-23 Baikap-ek Netbit enpresari makineria hainbat lotetan enkantean saltzeko eskaera egin zion. 819.449,62 euro.

2012-11-20 Nafarroako Gobernuak Baikap-i emandako diru-laguntzak bueltatzea eskatu zion.

2013-02-13 Konkurtso administrazioak merkataritza-arloko epaitegiari makinaria saltzeko baimena eskatu zion.

2013-06-10 Konkurtso administrazioak makinariaren salmenta geldiarazi zuen 15 egunez. Talde batek enpresa eskuratzeko proposamena egin behar zuen.

2014-08-14 Langile talde batek makinaria salmentaren kontra jarritako helegitea atzera bota zuen epaileak.