Magna Nafarroa Xotak garaipena lortzeko aukera alferrik galdu zuen ostiralean, Gran Canaria taldearen kontra 6-5 galdu eta gero. Kanariako taldeak denboraldiko lehen garaipena lortu zuen horrela. Imanol Arregiren mutilek hiru goleko errenta izan zuten bigarren zatian, baina bosgarren falta egin eta jokalari bat gutxiagorekin geratzea oso garesti ordaindu zuten.
Lehen zatian bikain aritu zen Magna. Marc Arenyk Gran Canaria aurreratu zuen, baina Eseverrik hat trick ikusgarriarekin erantzun zuen Rafa Usinen golarekin batera 1-4 aurreratu ziren irurtzundarrak. Bigarren zatian modu kontserbadoreagoan aritu ziren Magnakoak, baloiaren jabetza kanariarren esku utziz. 2-4 gerturatu zen Gran Canaria eta Magnak 5. falta egin zuen, ondorio larriak izan zituena, minutu batean 3 gol sartu baitituen sailkapenean azkena den Gran Canariak, 5-4 aurreratuz. Magnak atezain gabe jokatu zuen eta, nahiz eta Jesulitok bosna berdindu, partida bukatzeko 2 segundoren faltan garaipenaren gola sartu zuen Gran Canariak. Mina ematen duen porrota izan zen.
Imanol Arregi: “Guk bota dugu partida”
Partida bukaeran Imanol Arregik argi zuen eurak zirela gertatutakoaren errudunak, eurak alperrik galdu zutela partida. “Pena izan da baina gure erruagatik galdu dugu, gure buru txarragatik, guk bota dugu partida papelerara” azaldu zuen.
Inter Movistar da ohorezko mailako liderra (49 puntu). Magna Xota 5.a da (28 puntu). Ohorezko mailak atsedenaldia izango du otsailaren 15era arte, orain Eurokopa jokatuko baita. Magnaren hurrengo arerioa Azkar Lugo izango da.