Enplegua sortzeko kontratazioak, udalaren aurrekontuen ardatzetako bat

Guaixe 2014ko urtarrilaren 23a

Gutxienez 21 pertsona kontratatuko ditu. Udalak 155.400 euro bideratuko ditu arlo horretara eta 105.000 inbertsioetara.

Irurtzun Bai eta Bilduren aldeko bozekin eta UPNren abstentzioarekin, abenduaren 27an, Irurtzungo Udalak aurtengo aurrekontuak onartu zituen. 1.871.000 euro kudeatuko ditu udalak aurten. Txiki Iriarte alkateak nabarmendu nahi izan du udalaren enplegu politikaren oinarria zuzeneko kontratazioak direla. “Urte akaberan langileei bideratutako diru-saila 760.000 euro ingurukoa da” azaldu digu Iriartek.

Lau ildo erabiliko ditu udalak enplegua sortzeko. Alde batetik, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek kudeatzen duten Babestutako Gizarte Enpleguaren bidez 3 pertsona kontratatuko dira urte erdirako. Gobernuaren diru laguntzaren arabera jende gehiago kontratatuko luke udalak. Horretarako udalak 20.400 euro bideratu ditu.

Bestetik, zuzeneko kontratazioak egiteko 37.600 euro aurreikusi ditu Irurtzungo Udalak. Diru horrekin 6 pertsona kontratatuko ditu. Nafarroako Gobernuaren deialdiaren arabera gehienez 9 langile hartuko lituzke udalak. Bestalde, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren programak erabiliko udalak kontratazioak egiteko (6, urte erdirako) eta horretarako 30.000 euro bideratu ditu. Aipatu pertsonak garbiketa eta kale eta lorategien mantenu lanak eginen dituzte.

Udan igerilekuan lan egiteko lau sorosle eta mantenu lanak egiteko 2 pertsona kontratatuko dituzte eta horretarako 32.400 euroko poltsa aurreikusi du udalak.
Udalaren zuzeneko kontratazio politika horretan salbuespen bakarra kiroldegiaren mantenuaren alokairua da, zeinagatik udalak urtean 30.000 euro ordaintzen dituen.

Irakaskuntza
Bere ardura baztertuz, Nafarroako Gobernuak udalari urtetik urtera gero eta diru-laguntza eskasagoa ematen dio hezkuntza zerbitzuak mantentzeko. Horregatik, gainontzeko udalen moduan Irurtzungoak bere poltsatik diru gehiago jarri beharra du. Aurten Atakondoa eskola publikora 226.000 euro bideratuko ditu (atezaintza eta garbiketa sailak barne).

Bestalde, musika eskolaren aurrekontuaren (116.000 euro) herena Nafarroako Gobernuaren kontura behar luke, baina %12 (14.300 euro) besterik ez du ordaintzen. Ondorioz, hari eustearen zama udalaren (%47,5) eta gurasoen (%40,5) bizkar gelditzen da.


Aurrekontuaren %2
Irurtzungo Udalak kopuru hori, 35.000 euro, bideratuko du aurten aurrekontu parte-hartzaileetarako, aurreko urtean baino 14.500 gehiago. Haiek sustatzen dituen taldea dagoeneko lanean ari da eta


Bestelako inbertsioak
Festak eta erromeriak                 61.800 euro
Kultura Kontseilua                       50.000 euro
Mank-eko Euskara Zerbitzua        42.300 euro
Kirol taldeei diru-laguntzak          29.650 euro
Kirol ikastaroen programa           25.000 euro
Kultur eta irabazi asmorik gabeko erakundeei   13.000 euro
Mank-eko Kirol Zerbitzua            12.700 euro
Gaztetxokoa (langileak barne)     12.370 euro
Irurtzunen euskara sustatzeko     11.600 euro
Itxesia mendiko urak jasotzeko lanak  11.500 euro
Elkartasunerako %0,7                11.000 euro
Baratze ekologikoak Arbaso-Montikon  11.000 euro
Berogailuan energia aurrezteko neurriak  10.000 euro
Atakondoako lanak                 10.000 euro
Kultur etxeko tresneria hobetu  7.000 euro
Mank-en Immigrazio Zerbitzua  5.500 euro
Liburutegirako funtsak erosteko 3.500 euro
Udaletxeko informatika tresnen hobekuntza    3.000 euro
Musika eskola margotzea  3.000 euro