Hilerrirako bigarren sarrera

Guaixe 2014ko urtarrilaren 31

Pasa den urtean hilerrian egiten hasi zen hobekuntza lanekin segituko du aurten Irurtzungo Udala. Oztopo arkitektonikoak kentzeko, hilerrian sarrera berria egin nahi du udalak. Kanpo santuaren beheko aldean eginen litzateke sarrera hori, Hilerri bidea kalean. Gaur egun dagoen harresia berritu beharra dago, mugitua baitago. Hura berritzearekin batera atea zabaldu nahi luke udalak. Horrela kanpo santuak goitik eta behetik luke sarrera. Udalak diru-laguntza eskatu dio Nafarroako Gobernuari.

Bestalde, Itxesia mendiko urak jasotzeko lanak ere eginen ditu udalak. Euria egiten duenean, Iberdrolak duen argindar estaziora menditik ur guztia jaisten da eta aldapan behera egiten du. Ondorioz, Izurdiagarako errepidea eta igerilekura eramaten duen kaleak bat egiten duen tokian ur baltsak sortzen dira, trafikoari eraginez, baita aldamenean dagoen enpresa bati ere. Udalak eta Iberdorlak akordioa lortu dute. Enpresak argindar estazioan urak jasotzeko lanak eginen ditu eta udalak igerileku kalekoak jasotzeko lanak bere gain hartuko ditu. Azken horien aurrekontua 11.500 eurokoa da.