Alex Mariñelarenaren ordua

Guaixe 2014ko otsailaren 11

Alex Mariñelarena aurten jantziko duen mono berriarekin.
Gaur Mundiala prestatzeko entrenamenduak hasiko ditu Valenciako Zirkuituan

Alex Mariñelarena (Tech3 taldea) pilotuari bukatu zaio atsedenaldia. Azken egunak Irurtzunen eman ditu Zaragozan bizi den pilotu irurtzundarrak, baina gaur Motoziklismo Mundiala prestatzeko entrenamenduak hasiko ditu Valentziako Zirkuituan. Ostegunera arte ariko da Valentzian, eta hurrengo astean Jerezeko zirkuituak hartuko ditu entrenamenduak. Mundiala martxoaren 23an hasiko da, Qatarreko Doha/Losailen, eta ordurako Tech3 taldeak motorra puntuan izan nahi du. Ikuskizuna hasi da!

21 orduko pilotua Espainiako Abiadura Txapelketan lehiatu zen iaz, Targobank Motorsport taldearekin. Motoziklismo Mundialeko Moto 2 mailan parte hartu zuen bere taldearekin, gonbidatu moduan, Jerezen eta Alemanian. Bere egiteko bikaina ez zen ezkutuan geratu eta Moto 2 mailako Blusens Avintia taldeak Dani Rivas pilotua ordezkatzeko deitu zion irurtzundarrari. Misanon, Aragoin –puntuatzea lortu zuen–, Malasian, Australian eta Japonian aritu zen, Rivas ordezkatzen. Nahiz eta Japoniako Sari Nagusian eroriko serioa izan, maila bikaina eman zuen Mariñelarenak eta sari potoloa lortu zuen: 2014an Munduko Motoziklismo Txapelketan aritzea, Moto 2 mailan, Tech3 eskuderia frantziarrarekin.

Alexek 2013ko azaroan Tech3 taldearekin entrenamendu batzuk egin zituen Almerian, eskuderiak aurreko urtean erabilitako Mistral610 motorrarekin. Sentsazioak onak izan ziren orduan. Gaur motor berrian igoko da eta motorra puntuan jarri beharko dute irurtzundarrak eta Tech3ko teknikariek. Entrenamendu hauek oso inportanteak dira, behin Mundiala hasita entrenatzeko tarte gutxi baitute pilotuek. “Orain egiten da talde lana eta motorra puntuan jartzeko lana, gero proba batetik bestera joatearekin nahikoa baitugu” azaldu du Mariñelarenak. Irurtzundarra denboraldia hasteko irrikitan dago, ilusioz beteta. “Motor berria 2013koaren oso antzekoa da baina hainbat berrikuntza eta hobekuntza egin dizkiote motorrak zituen ahuldade puntuetan, bereziki atzealdean.

Helburuak
Lan asko egitea, lasterketa guztietan ahal duen guztia ematea eta gainontzeko pilotuetatik ahalik eta gertuen egotea. Horiek dira Alex Mariñelarenaren helburuak. Puntuatzen duten postuetan sartzen ahaleginduko da irurtzundarra “baina hasieran ez ditugu helburu oso potoloak jarriko, bestela ondoak jota geratu gaitezke. Garrantzitsuena lana egitea da eta honek jarraipena izatea” nabarmendu du.

35 pilotuk hartuko dute parte Moto 2an, tartean Alex Mariñelarena eta Marcel Schrotter bere taldekidea. Nico Terol, Tito Rabat, Maveric Viñales, Roman Ramos… izango dira arerioetako batzuk. “Moto 2 oso txapelketa parekoa da. Motor guztiak antzekoak dira eta pilotuen artean ez dago aparteko desberdintasunik. Lasterketa batean 10. postuan egon zaitezke eta hurrengoan 25.ean” azaldu du.

Motorrak berotzen daude eta gaur hasiko dira entrenamenduak. Motorra puntuan jar dezala eta Mundialerako zorte onena opa diogu Alex Mariñelarenari. Ikuskizuna hastera doa!

Tech3
Tech 3 eskuderia frantziarra da.  Yamaha eskuderia ofizialeko talde satelitea da, hurbilekoa. Moto2an Alex Mariñelarenak Danny Kent pilotua ordezkatuko du eta Marcel Schrotter pilotu alemaniarra izango du taldekide. Moto GPn ere taldea du Tech3-k, eta 2013ko Moto2ko txapeldun Pol Espargaró ariko da bertan.

19 lasterketa
Motoziklismo Mundialak 19 proba izango ditu. Martxoaren 23an hasiko da Qatarren, eta azaroaren 9an despedituko da Valentzian. Espainiar Estatuan 4 proba jokatuko dira: maiatzaren 4an Jerezen, ekainaren 15ean Montmelón, irailaren 21ean Aragoin eta azaroaren 9an Valentzian.