Bi ikastarorako izen ematea zabalik

Guaixe 2014ko otsailaren 11

Gurutze Gorriak bi ikastaro emanen ditu aurki Irurtzunen eta haietan izena emateko epea dagoeneko zabalik dago. Ikastaroetako bat informatika hastapenekoa da. Windows programaren, interneten eta posta elektronikoaren oinarrizko ezagutzak emanen dira. Hilaren 24tik martxoaren 7ra, astegunetan, 9:30etik 11:30era izanen dira klaseak. (73 euro, 40 langabeek). Dozena bat plaza daude.

Bestetik, martxoaren 8tik aurrerako bost larunbatetan, 9:45etik 14:00etara, lehen sorospen ikastaroa eginen da. Ezbehar baten aurrean nola jokatu erakutsiko dute. 16 urte behar dira izena emateko (80 euro, 45 ikasleek). Oinarrizko ikastaroaren akaberan parte-hartzaileek diploma eskuratuko dute.

Izen ematea
Hilaren 18ra arte dago zabalik. Matrikula udalaren Laboral Kutxako kontuan sartu behar da izen-abizenak eta ikastaroa adieraziz. Izen emate orria eta kutxako ziurtagiria udaletxean edo kultur etxean aurkeztu beharko dira. Ikastaroan onartuak izateko izen emate ordena eta errolda hartuko dira kontuan.


Eta spinning
Kirol eskaintzak arrakasta handia izan du eta ehun bat pertsonak eman zuten izena udazkenean. Matrikula berritzeko aukera dago orain, maiatza akabera arte luzatuko dena. Goiz edo arratsaldez, astean bi saio (94 euro) edo bakarrean (59 euro) izena emateko aukera dago. Baita asteazken edo ostiraletan eginen diren aparteko saioetan ere. Izen ematea hilaren 25era arte dago zabalik.