Erorikoari buelta ematera

Guaixe 2014ko otsailaren 12a

Atzo hasi zituen Alex Mariñelarenak Mundialeko entrenamenduak eta erorikoa izan zuen

Alex Mariñelarenak (Tech3, Mistral 610 2014) atzo hasi zituen Motoziklismo Mundiala prestatzeko entrenamenduak, Valentziako Zirkuituan. Pilotu irurtzundarra Moto 2 mailan lehiatuko da, Tech3 talde frantziarrean, Marcel Schrotter pilotu alemaniarra taldekide duela.

Motorra txikitu
Mistral 610 2014 motor berria proban jarri zuen atzo lehenengoz Mariñelarenak, baina ez zuen zortea alde izan, entrenamenduetako lehen sesioan lurrera joan baitzen. Valentziako zirkuituari seigarren buelta ematen ari zela gertatu zen erorikoa, pistari egokitzeko apenas aukerarik izan gabe. “Lehendabiziko 5 bueltatan ea dena ongi zihoan egiaztatzen aritu nahiz, motorra gertu jarraitzen, eta bigarren itzulirako abiadura-palankako pieza bat egokitu behar izan dugu, mugitua zegoelako. Pistara itzuli naizenean eta 6. bueltan nengoenean akats bat egin dut eta erori naiz” adierazi du irurtzundarrak. Istripua gune azkar batean gertatu zen eta “motorra txikitu dut” gaineratu du irurtzundarrak. Zorionez, Alexek ez zuen aparteko minik hartu. “Eskularrua zabaldu zait eta behatza pixkat mindu zait baina aparteko ezer” aipatu du.

Tech3 taldeko mekanikariak lan itzela egin dute motorra konpontzeko. Atzoko erorikoan motorrari Txasisa apurtu zitzaionez, motor guztia desmuntatu behar izan dute, motorra hartu, txasis berria muntatu eta apurtutako pieza guztiak aldatu. Horrela, gaur kasik motor berria estrenatuko du Mariñelarenak. “Atzokoa jardunaldi oso txarra izan zen, baina beste bi egun ditugu Valentzian entrenatzeko” adierazi du.

Gaur goizeko 10:00etan hasiko da entrenamendu jardunaldia. Moto 2an eta Moto 3an hiruna entrenamendu saio izanen dituzte pilotuek.