Energia-kontsumo eraginkorrerako neurriak hartu ditu udalak

Guaixe 2014ko otsailaren 13a

Hainbat faroletan jarritako oharrak adierazten du itzalita dagoela.
Energia-ikuskaritza baten ondoren argiteria publikoan, eskolan eta udaletxean energia aurrezteko neurriak hartzen hasi da udala

Urtero energia-kontsumoagatik ordaintzen zuena gehiegi zela uste zuten Irurtzungo Udalean. Gainera, arlo horretan aurretik ez zuen ezer egina. Horregatik, duela bi urte energia-ikuskaritza egiteko Acimut enpresa kontratatu zuen, energia kontsumo eraginkorragoa eta arduratsuagoa lortzeko asmoz. Irurtzungo Udalak 2.012an energiagatik 98.097 euro ordaintzen zituen, bestela esanda, urtean 412.991 kilo C02 isurtzearen parekoa.

Energia aholkulariaren lanaren ondoren udalarendako kostu ekonomikoak gutxitzeko eta CO2 isuriak murriztuz ingurumena babesteko asmoz, hainbat neurri hartzen hasi da Irurtzungo Udala. Esaterako, udal eraikinen kontsumoa aztertzea eta argiteria publikoko farolen %35 itzaltzea.

Argiteria publikoa
Duela bi urte 25.450 euro ordaindu zituen udalak 236.100 kWh-eko kontsumoagatik. (11,17 euro eta 103,6kWh biztanleko). Arlo horretan energia kontsumoa gutxitzeko honako neurriak hartu ditu udalak: fluxu murriztaileak jarriko ditu enpresa batek, farolak beharretara egokitu ditu, potentzia kontratuak berrikusi ditu, enpresa merkeena kontratatu du eta farolak itzali ditu.

Irurtzunen hainbat motako 433 farola daude eta haietatik 144 (%35) itzali ditu udalak, eta gutxienez 10.368 euro aurreztuko dituela aurreikusi du udalak. San Martin eta Lizarra kalea kenduta, gehienak auzoetan itzali dira; bat bai bat ez. Argi gehiegi edo gutxiago egon zitekeelako hartu du neurri hori udalak, herritarren beharrak kontuan izanda. Itzalitako faroletan pegatina bana jarri du udalak (farolak pegatinarik ez  eta argirik ez badu, hondatuta dago). Hala ere, irurtzundarren bati tokiren batean argi gutxi dagoela iruditzen bazaio udaletxean (948 500 051 edo ayuntamiento@irurtzun.es) jakinaraztea nahikoa da.

Erabakia hartzeko modua
Piztutako farola baten energia, diru eta ingurumen kostua zein zen jakin nahi izan zuen udalak, itzalia izateak zer kostu zuen jakiteko. Hainbat motako farolak daude Irurtzunen eta batzuek eta besteek energia kontsumo ezberdina dute (170 eta 325 W artean). Herrian dauden argiteri publikoko koadro bakoitzean dauden farolak zenbatu eta bataz bestekoa atera da.

Irurtzunen farola tipoak urtean 3.400 ordu daude piztuta eta 600 eta 1.100 kWh arteko kontsumoa dute. Urteko farola tipo bakoitzeko 72 eta 132 euro artean ordaintzen ditu udalak.


Udal eraikinak
Atakondoa eskola publikoan (41.182 euro urtean) dena itzalita dagoenean argi kontsumo txiki bat dagoela jabetu dira eta ordenagailu batzuen bateriak diren ikertzen ari dira. Baina, horretaz aparte, argiak eta tresnak itzaltzeko kanpaina egiten ari dira ikastetxean, Txiki Iriarte alkateak jakinarazi digunez. Horrekin batera, udaletxeko galdara eraikineko espazioen beharretara eta ordutegietara egokitu dutela esan digu Iriartek: “Espazioak independizatu dira. Orain Irurtzun eta Arakilgo udaletxeak, jubilatuen egoitza eta gizarte zerbitzuen mankomunitateko berogailua banatuta dago”. Horretarako eta berogailuetan konponketa batzuk egiteko 10.000 euro bideratu ditu udalak.

Iriartek esan digunez, etorkizunean kiroldegiko eta udaletxeko galdarak aldatzea aztertzen ari dira. “Baina ezer erabaki aurretik Sakanako Mankomunitateak biomasarekin zer egin behar duen erabaki arte itxarongo dugu”. Orain arteko lanak udal langileek egin dituzte.


Udalaren energia kontsumoak
Elektrizitatea %46
Gasa %41
Gasolioa %13

Udal eraikinen energia kostua (euro urteko)
Eraikina                              Kostua
Atakondoa ikastetxea          41.182
Udaletxea. Jubilatu elkartea 14.749
Itxesia igerilekuak                7.105
Kultur etxea. Musika eskola   5.021
Gazte Txokoa eta liburutegia 2.212
Ludoteka                             1.130
Kultur etxeko aretoa              940
Ura biltegira igotzea              134
Bi Haizpe biltegi-etxabea       120
Ardubil etxabea                      56