Mariñelarena, behetik gora

Guaixe 2014ko otsailaren 13a

Atzo hiru entrenamendu saio egin zituen Chesten

Atzo Motoziklismo Mundiala prestatzeko entrenamenduen bigarren jardunaldia hartu zuen Valentziako Zirkuituak, Chesten. Bezperan erorikoa izan eta motorra txikitu eta gero, Alex Mariñelarenari hobe joan zitzaizkion gauzak. Tech3 taldeko mekanikariek erlojuz kontra lan egin behar izan zuten motorra konpondu eta muntatzeko lanak despeditzeko, eta Irurtzungo 21 urteko pilotuak atzoko entrenamenduetan aritzeko motorra prest izan zuen.

Motorra puntuan jartzeko eta kilometroak egiteko irrikitan zegoen irurtzundarra, eta atzoko sesioetan behetik gora egin zuen. Hiru entrenamendu saioetan parte hartu zuen eta denbora hobeak egin zituen. Hala ere, gauzak ez ziren ongi hasi lehen entrenamendu saioan motorra hautsi zuelako. Motor berria jarri bitartean ezin zen entrenatzen aritu, baina bigarren sesiorako motorra prest izan zuen. 17 itzuli egin zizkion Chesteko zirkuituari eta bere krono hoberena 1.39.354 denboran egin zuen. Eta hirugarren entrenamendu saioan hobera egin zuen Alexek, 38 itzuli egin baitzituen eta 1.37.516 izan zen bere denbora onena. Tito Rabat izan zen pilotu azkarrena (1.35.155).

“Motor berriari egokitzen nago, poliki. Gutxinaka gauzak moldatzen joango gara, ni erosoago sentitu eta motorra nire gustura jartzeko. Hobetze bidean gaude oraindik” adierazi zuen atzo Alexek. Gaurko Chesteko entrenamenduan lanean jarraitzeko asmoa du. “Ea atzoko denbora hobetu ahal dudan. Tito Rabat pilotu azkarrenarengatik bi segundo eta 3 ehunenekora gaude, distantzia nahiko handia. Ea aldea murriztu ahal dugun” gaineratu du. Gaur, goizeko 10:00etatik aurrera hasi dira entrenamenduak.