Magnaren garaipen potoloa

Guaixe 2014ko otsailaren 17a

Irurtzungo taldeak 9-5 irabazi zion Azkar Lugori

Eurokopagatik ia hilabeteko geldialdia egin eta gero, Ohorezko mailako ligara ate handitik itzuli da Magna Nafarroa Xota, larunbatean Azkar Lugori 9-5 irabazi baitzion, Anaitasuna pabilioian eta 2.000 zaleren aurrean.

Hala ere, lehen zatian asko sufritu zuten Imanol Arregiren mutilek. Azkar Lugo izan zen aurreratzen zena, eta Magnari atzetik erremontatzea tokatu zitzaion. Atsedenaldira hirunako berdinketarekin joan ziren, Carlitos, Eseverri eta Cucori esker. Bigarren zatian iritsi zen Magnako berdeen erantzuna. Irurtzungoak hobeto kokatu ziren kantxan eta Marc Tolrákek laugarren gola sartu zuen. Gainera, hurrengo jokaldian, Eseverrik bosgarren gola sartu zuen. Lugokoek euren laugarren gola sartu zuten, baina hortik aurrera ez zuten lortu Magna harrapatzea. Beste lau gol sartu zituen Magnak, Carlitos, Rafa Usin, Eseverri eta Jesulitori esker. Aipatzekoa Javi Eseverriren lana. Kapitain beteranoak hat tricka lortu zuen: 3 gol.

Partida bukaeran pozik zegoen Imanol Arregi. “Nahiz eta ia hilabete bat geldirik egon 3 puntu oso inportante lortu ditugu, ligan bi partida galtzetik etortzen ginelako. Irabaztea behar genuen eta lortu dugu. Bigarren zatian hobeak izan gara eta 3 puntuak merezi izan ditugu” aipatu zuen entrenatzaile irurtzundarrak.

Inter Movistar da liderra, 52 punturekin. Magna Nafarroa Xota 5.a da, 31 punturekin. Larunbatean Andaluzian jokatuko du Magna Nafarroa Xotak, 19 punturekin 10.a den Jaen Paraiso Interior taldearen kontra, 18:00etan. Ea Jaenetik 3 puntuak Sakanara dituzten.

Eseverri bikaina
Magnako Javi Eseverrirendako badirudi urteak ez direla pasatzen. Kapitain irurtzundarrak hiru hat trick sartu ditu jokatu dituen azken hiru partidetan. Partida bakoitzeko hat trick bat, azken hiru partidatan. Errekor bikaina 36 urte beteak dituen kapitainarendako.
19. jardunaldian, El Pozo Murciaren kontra, 3 gol sartu zituen Eseverrik; 20. jardunaldian, Colegios Arenaas Galdar Gran Canariaren kontra, beste 3 gol, eta 21. jardunaldian,  Azkar Lugoren kontra, beste 3 gol. Otsagikoa sasoi betean dago eta badirudi betirako gaztetasunaren edabea topatu duela. Urte askotarako izan dadila.