Bederatzi aitortza odol-emaileen festan

Guaixe 2014ko otsailaren 19a

Nafarroako Odol-emaileen Elkarteko, Adonako burua, Jesus Mari Mas presente zegoela, otsailaren 9an Irurtzungo odol-emaileek euren festa ospatu zuten. Masek bildutakoak haien inguruan odol-emaile berriak egiteko eskaera egin zuen. Eta gazteei dei zuzena egin zien, boluntario izan eta odola ematera joateko. Horretarako, autobusa herrira etortzen denean handik pasatu besterik ez dela egin behar gogorarazi zuen.

San Martin jubilatu elkartean egindako topaketan bai presidenteak baita elkarteko Irurtzungo ordezkariek ere, bederatzi odol-emaileren ekarpena aitortu zuten. Aipamen berezia merezi izan zuen Francisco Jose Juango Francok, urrezko domina hirukoitza eskuratu zuelako. 50 alditan odola emateagatik urrezko domina jaso zuen Migel Angel Orrio Sotilek. Eta 25 aldiz odola emateagatik zilarrezko domina bana eskuratu zuten Agapito Bello Gascok, Mª Teresa Zia Marcapide, Jose Luis Gonzalez Lopez, Julian Moral Espoz, Eduardo Ramirez Legarra, Migel Anjel Rekalde Maestre eta Inmaculada Zubieta Zubillaga. Azken horrek ezin izan zuen ospakizunean egon.

Datuak
Irurtzunen 232 odol-emaile daude. Haietatik pasa den urtean 75ek eman zuten odola, guztira 139 emate; guztiak ere ohiko odol emateak. Gehien gehienak autobusa, autohemoteka, Irurtzunera etorri zenetan eman zuten. Pasa den urtean, bestalde, 10 odol-emaile berri egin ziren.