Mundiala prestatzeko Jerezen burutzen ari diren entrenamendu ofizialetan Alex Mariñelarenak (Tech3) ongi hasi zuen eguna. Lehendabiziko saioan Thomas Luthi (Interwetten Paddock Moto2) izan zen azkarrena (1:42.515), Tito Rabatekin (Marc VDS Racing Team) lehia estua izan eta gero. Eguneko denborarekin onena egin zuen Luthik. Alex Mariñelarenak lan ona egin zuen, 16. denbora onena egin baitzuen lehen saioan (1:43.834), pilotu azkarrekin orain arte zuen aldea txikituz. Hala ere, hurrengo bi saioetan ez zen horren fin ibili pilotu irurtzundarra eta 19.a (1:44.160) eta 24.a (1:44:121) sailkatu zen. Lehen saioan 38 itzuli egin zizkion Jerezeko zirkuituari, baimendutako guztiak, bigarrenean baimendutako 16etatik 9 eta hirugarrenean baimendutako 20etatik 7.
Gaur despedituko dira Jerezeko entrenamendu ofizialak. Goizeko 10:00etatik aurrera hiru saiotan aritzeko aukera izango dute Moto 2 eta Moto 3 kategorietako pilotuek.